Koronabirusa

Bakarrik bizi diren 70 urtetik gorakoei deiak, euren egoera ezagutzeko

Ataria 2020ko mar. 23a, 11:11

Tolosako Udatera jo daiteke informazio edo laguntza bila.

Tolosako Udalak jakinarazi du, adinekoen beharrak ezagutzeko deitu dietela eta boluntario taldearekin ari direla hitz egiten nola lan egin hitzartu ahal izateko. 

Tolosako Udalak jakinarazi du, bakarrik bizi diren 70 urtetik gorako adineko pertsonei deiak egin dizkietela beren egoera ezagutzeko asmoz. Larunbaterako identifikatuta zituzten euren beharrak eta larunbatean bildu ziren boluntario taldearen ordezkariekin, horien inguruan hitz egiteko. Informazio horrekin taldearen dinamika eta jardunari buruz ari dira hitz egiten, eta dena zehazterakoan horren berri emango dute.

Tolosako Udalak esan duenez, herritarrek abiarazitako elkartasun ekimenaren lanak bideratzen ari da, «haren koordinazio eta kudeaketa eginez eta bereziki indarrak bideratuz». «Lehenik eta behin, beharren diagnosia egin da. Adineko pertsonen egoera ezagutzeko. Azken egunetan bakarrik bizi diren herritarrei dei egin die udalak, beharrak ezagutu eta laguntza sarean parte hartu nahi duten jakiteko», azaldu du udalak.

Informazio horrekin, hau da, boluntarioren sarean parte hartu nahi duten adinekoen informazioarekin, zerrenda bat osatu dute eta bilera egin dute jada, boluntarioekin eta Gurutze Gorrikoekin. Gauza bera ari dira egiten Peñascal Fundazioko, Babes Zibileko eta DYAko ordezkariekin. 

Mahai bat eratu dute eta egunero bilduko dira, koordinazio lanak egin ahal izateko eta, bereziki, momentuko beharrei erantzuteko eta sor daitezkeen egoera eta behar berriei aurre egiteko.

Nora jo
Laguntza behar izanez gero 010  zenbakira deitzeko eskatu du udalak. Posta elektronikoz ere ari dira: udate@tolosa.eus edo gizartezerbitzuak@tolosa.eus helbideetara idatzi daiteke. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!