Koronabirusa

Kontrastatu gabeko informaziorik ez zabaltzeko eskatu du Tolosako Udalak

Ataria 2020ko martxoaren 22a

Tolosako anbulatorioaren gaineko albisteak sare sozialez zabaldu direla eta, ohar bidez argibideak eman ditu Tolosako Udalak.

"Herritarrei eskatzen zaie kontrastatu gabeko informaziorik ez zabaltzeko; herritarren artean kezka, nahasmena eta alarma-egoera areagotu ez daitezen", nabarmendu dute udaletik.

Hasteko, Osakidetza lehen mailako arreta berrantolatzen ari dela azpimarratu dute, "eraginkorragoak izateko eta kutsatzeak saihesteko".

Bestalde, Tolosako anbulatorioan arnas sintomak eta sukarra dituzten pertsonak bakarrik artatuko dira.

Azkenik, pixkanaka gainontzeko gaixoak Ibarrara bideratuko dituztela azaldu dute, "arnasteko zailtasunak dituzten pertsonak gainerako herritarrekin ez nahasteko".

Herritarrei iturri ofizialetatik helarazitako argibide eta informazioak jarraitzea gomendatzen die. Eta gogoratu du sintomak izanez gero 900 20 30 50 telefono zenbakira deitu behar dela.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!