Aste honetako Tolosako Azoka egitea erabaki du Tolosako Udalak. Joan den larunbatean bertan behera utzi zuten, baina oraingoan segurtasun nuerri berezien protokolo bat zehaztu, eta egitea adostu dute. Azoka ordea, leku bakarrera mugatuko da eta Zerkausian egongo dira postuak. 08:00etan hasiko da eta 13:00ak bitarte egongo da zabalik.
Sgurtasun neurri berezien protokoloak erosleei nahiz ekoizleei eragiten die, "larrialdi egoera honen aurrean bertako ekoizleak babestu eta beren uzta hondakin bihurtzea ekidin" ahal izateko.
Guztira 27 postu izango dira eta postu bakoitza nori dagokion erabakitzeko, izena eman duten postu guztien artean zozketa bat egin dute. Hortaz, posturik egokitu ez zaien horiek, hurrengo astera arte itxaron beharko dute.
Bezeroak
Zerkausira sarbidea mugatua izango da, eta hori kontrolatzeko enpresa bat kontratatu duela esan Tolosako Udalak. Sarrera Triangulo aldetik egingo da, eta irteera Napar Zubitik. Erosketa, berriz, bakarka egin beharko da, segurtasun tarteak mantenduz.
Honakoak dira erosleentzat arau nagusiak:
· Familia bakoitzeko pertsona bakarrak joan ahal izango du; ezingo da ume edo helduekin joan.
· Arrisku-taldekoek ezingo dute joan (bihotzeko gaitzak dituztenak, organoren bat transplan-tatua dutenak, arnasketa gaitzak dituztenak... erreferentzia gisa urtero gripearen txertoa jasotzeko gomendio-eskutitza jasotzen dutenak).
· Ilara errespetatu beharko da eta metro eta erdiko distantzia mantendu.
· Erosle bakarra egongo da postuko; itxaroten daudenen artean metro eta erdiko tartea mantendu beharko da.
· Produktuak, postu bakoitzaren atzealdean egongo dira; ekoizleari erosi beharrekoa eskatu beharko zaio eta berak hurbilduko ditu produktuak.
· Salerosketa errazte aldera, txanponak eramateko eskatu dute.
· Erosle eta baserritarren artean 1,5m-ko segurtasun tartea mantendu beharko da.
· Ezingo da gelditu jendearekin hizketan.
Ekoizleak
Ekoizleek ere neurri bereziak hartu beharko dituzte. Esaterako, postu bakoitzeko ekoizle bakarra izango da, eta salerosketa bakoitzaren ondoren nahitaez eskuak garbitu beharko dituzte. Produktuak ukitzea ekiditeko, ekoizleak arduratuko dira erosle bakoitzari eskatutakoa emateaz.
Hauek dira ekoizleek bete beharreko neurriak:
· 65 urtetik gorakoek edo arrisku-taldekoek ezingo dute joan (bihotzeko gaitzak dituztenak, organoren bat transplantatua dutenak, arnasketa gaitzak dituztenak... erreferentzia gisa urtero gripearen txertoa jasotzeko gomendio-eskutitza jasotzen dutenak).
· Titularrak baldintzak beteko ez balitu, bere ordez baimendutako laguntzaile bat joan ahal izango da.
· Saltzaile bakarra egongo da postu bakoitzeko.
· Saltzaileak arduraz jokatuko du eta azokara bertaratu baino lehen tenperatura hartuko du.
· Erosketa bakoitzetik bestera eskuak desinfektatu beharko dira.
· Eskuak desinfektatzeko saltzaileak ekarri beharko du: ura, baldea, xaboia, papera eta zaka-rrontzia.
· Gutxienez metro eta erdiko segurtasun tartea mantenduko du beste saltzaileekiko.
· Gutxienez metro eta erdiko segurtasun tartea mantenduko du erosleekiko.
· Produktuak, saltzaileak bakarrik ukitu ahal izango ditu eta ezingo dira erosleen aurrean egon. Horretarako udalak mahaien kokapena moldatuko du.
· Postu bakoitzak bost mahai izango ditu: saltzaileak atzean hiru mahai izango ditu (guztira, 3,60 metro), bere eskura soilik, eta bertan produktua egongo da; aurrean, bi mahai huts, erosleari produktua emateko.