Egun bereziak ari gara bizitzen osasun krisia dela eta. Sekula ezagutu gabeko aldaketak pairatzen ari gara, jarduerak geldituta, denda eta taberna gehienak itxita eta etxean luzaro egotera behartuta. Antzeko egoerarik ez da ezagutu eta badirudi inoiz ez dela horrelakorik gertatu, baina historian zehar epidemiak, gaixotasunak eta osasun egoera larriak izan dira. Horiek gogoratzen saiatuko da Ataria historialarien laguntzarekin. Pablo Gorosabelek bere Bosquejo de las antigüedades de Tolosa liburuan jaso zituen horietako osasun larrialdi batzuk.
1401. urtea, uztaila. Ikaragarrizko izurritea iritsi zen Frantzia aldetik hona. Hildako asko izan ziren. Herrietan babesik gabe gelditu ziren eta mendietatik lan handiz lortutakoarekin atera ziren aurrera. Litekeena da XIV. mendean mundu osoan zabaldu zen izurri beltzaren azken arrastoak izatea, 25 milioi hildako utzi zituena.
1597. urtea. Gipuzkoan kaltehandiak egin zituen izurri gaixotasun bat sartu zen, bereziki Donostian eta Pasaian, baina Tolosaldera ere zabalduko zen seguru aski.
1707. urtea, uztaila-abuztua. Epidemia kutsakorra nozitu zen herrian Almansako batailako presoak izan zirelako bertan. Gaixotasunaren izaera ez zen ezagutu, baina biktima asko eragin omen zituen. Errogatibak egin ziren eta gaixoen ostatuak ozpinez garbitzea agindu zuten.
1784. urtea, martxoa. Tolosan eta bere Miserikordia Etxean epidemia kutsakor eta altegarria nagusitu zen, batez ere jende behartsuaren artean triskantzak eginez. Kanpoko sendagileak ekarri zituen Tolosako Udalak bertakoei laguntzeko. Tifus exantematikoa edo zorri berdearena izan zitekeen. 300 gaixo baino gehiago izan ziren eta 46 pertsona hil ziren. Epidemiak iraun zituen hiru hilabeteetan, beste gaixotasunetatik beste 30 gehiago hil ziren.
1786. urtea, udazkena. Paludismoak herritar asko eraso zituen eta Tolosako Udalak obernuari kina arroa eskatu zion Iruñeko Gotzainaren bitartez, gaixotasuna menderatzea lortuz.
1794. urtea. Sukar ustel kutsakorreko epidemia izan zen eta Manuel Bernardino de ranguren sendagilea hil zen.
1804. urtea. Gaixotasun kutsakor bateko 70 kasu izan ziren Tolosan, Miserikordia Etxera
eraman zituzten eta dirudienez denak sendatu ziren.
1808. urtea. Sukar biliosopituitosoa, ustel-nerbioetakoa izan zen, San Frantzisko komentuan Napoleonen tropako soldadu frantses gaixo asko elkartu zirelako. Epidemia honen ondorioz, hurrengo urteko martxoaren 6an lehen hildakoa lurperatu zuten Larramendi kalearen bukaeran zegoen kanposantuan.
1828. urtea. Beste epidemia ustel-nerbiosoa jasan zen herrian, heriotza gutxi eraginez.
Sukar tifoidea izan zela dirudi.
1834. urtea. Tolosan eta Alegian kolera morbo kasu batzuk izan ziren, baina ez zen zabaldu
hartu ziren osasun neurriengatik.
1837. urtea. Sukar tifoideko epidemia izan zen, kasu dezenterekin eta kasuen % 12a hil zen.
XVII-XVIII. mendeak. Baztangak txikizioak eragin zituen hemen eta mundu osoan, XIX.
mendearen bukaera arte, derrigorrezko txertaketa ezarri zenean desagertuz.
1918. urtea, iraila-azaroa. Gripeak biztanleriaren zati handia kaltetu zuen eta biktima ugari eragin zuen. Urrian bakarrik 84 hildako izan ziren eta guztira, 140.
1930. urtea. Indar handiko sukar tifiko agerraldia izan zen, Iturri txikiko uren kutsaduragatik. Horregatik itxi zuten. Mariaren Bihotz Sakratuaren komentu
aurrean zegoen.
Ospitaleak eta osasun zerbitzuak
Egoera hauei aurre egiteko, Tolosan historian zehar izan diren ospitaleak eta osasun zerbitzuak aipatzen ditu Bibiano Larramendi sendagileak Libro-Homenaje Tolosa. VII Centenario 1256-1956 liburuko artikulu batean. 1566an osasun antolaketa bazegoen eta agintariek kontrolatzen zuten: botika, medikua, liburuak, sendagaiak…
Aspaldiko garaietatik Ospitale Zaharra deitzen zena zegoen Santa Maria parrokiaren inguruan, gaixo behartsuak zaintzeko eta erromesei ostatu emateko. Txikia eta deserosoa zen, 1631n 16 ohe besterik ez zituen. 1768an Ospitale eta Miserikordia Etxe berria eraikitzea erabaki zen Arrameleko San Joan ermitaren ondoan. 1774an lanak hasi eta 1780ean bukatu ziren. 1813an su eman zioten Napoleonen kontrako tropa aliatuek. 1818tik 1821era berreraiki zuten.
Santa Maria Madalenako ermitako etxea legenardunentzako ospitalea izan zen garai batean, 1621ean zerbitzua kendu arte, horrelako gaixoak desagertu zirenean. Plaza Berriko Toriles etxea ospitale gisa egokitzen zen epidemia zenean. Belateko Jesusen Zerbitzarien fundazioa
1902tik dago bertan, aurretik Santa Maria Parrokiaren ondoan egon ziren, 1886tik. Udal Laborategia 1913an sortu zen. Miserikordia etxe berria 1913an hasi ziren eraikitzen Iurreamendin eta 1920ean inauguratu zen. Ehun urte ditu aurten, beraz. Gurutze Gorria 1925an inauguratu zen Tolosan. Izaskun klinika 1928an zabaldu zen gaur egun Oria hotela dagoen tokian, itxita egon zen eta berriz 1946an zabaldu zen, 70eko hamarkadan itxiz betirako. 1945ean Gaixotasun Aseguru Zerbitzua ezarri zenTolosan. 1952an anbulatorioa
ireki zen gaur egun Galtzaundi euskara taldea eta Tolomendi dauden egoitzan. San Juan klinika Guadalupe inguruan zegoen, 1953tik 1974ra izan zen martxan. 1957an San Cosme y San Damian klinika ireki zen eta 1993an gaur egungo Uzturre egoitza izatera aldatu zen.
Asuncion klinika 1967an sortu zen eta zabalik jarraitzen du. Tolosak historian zehar osasun zerbitzuen kezka izan duela erakusten dute aurreko datuek, bere zerbitzuak eskualde osoari eskainiz.