Koronabirusa

Gipuzkoa Encounter inoiz baino birtualago

Ataria 2020ko mar. 18a, 14:00

Gipuzkoa Encounterrek ez du hutsik egingo, eta egingo da aurten ere, baina ez Tolosako Usabal kiroldegian. Aurten jarduera guztiak on line egingo dituzte. 

Koronabirusaren eraginez Gipuzkoa Encounterrek ez du ohiko formatua izango. Martxoaren 26tik 28ra izango da, iragarri bezala, baina on line egingo dute. 14. edizioa berezia izango da eta, GE14: Geratu Etxean Edition lelopean, jarduera ludikoak eta hezigarriak tartekatuko ditu Euskal Encounterren Twitch eta Discord kanalen bitartez. 

Gizpuzkoako Encounter Euskaltel Fundazioak esan duenez, on line edizioak 456 plaza birtual izango ditu, Tolosan gauzatu behar zen lanpartyan eskainiko zirenak bezainbeste, eta sarrera erosi zutenek topaketa berrian parte hartzeko aukera izango dute kosturik gabe. Libre geratzen diren lekuak itxarote-zerrendakoek beteko dituzte.


Jarduera irekiak

Izena ematen dutenek partyko arlo anitzetan parte hartu ahal izango dute, etxetik mugitu gabe, Discord tresnaren bidez. Bertan, gaika bereizitako “areto birtualak” topatuko dituzte, eta arte digitaleko, software libreko, hardwareko eta jokoetako lehiaketetan izen emateko aukera izango dute. Orain, antolatzaileak lanparty presentzialetako ekimenak kudeatzeko erabiltzen duten tresna propioa, partyNet izenekoa, egokitzen ari dira, bere osotasunean Internet bidez erabili ahal izateko.

Era berean, festatik kanpo gelditu direnek ere parte hartzeko aukera izango dute, eduki batzuk irekiak izango baitira. Online eskainiko diren doako prestakuntza-hitzaldiak eta topaketa birtuala gidatuko duen programa doan entzun ahal izango dira Euskal Encounterreko Twitch kanalaren bitartez: https://www.twitch.tv/euskalencounter/

Ostegunean, hilak 26, hasiko da topaketa, 18:00etatik aurrera, eta martxoaren 28an gauerdian bukatuko da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!