«Irakurlea egoera ezerosoetan jarri dut»

Jon Miranda - Naiara Roldan de Aranguiz 2020ko mar. 21a, 08:58

Hik ez dakik zer den beldurra narrazio bilduma kaleratu du Erein argitaletxearekin Karlos Linazasoro tolosarrak. «Nobelaren tiraniaz» kritiko azaldu da.

Beti dago zerekin ikaratua, zerekin nazkatua, bada zerbait gure garunean berezkoa gaitz egitera bultzatzen gaituena, iluna eta barbaroa. Kontrolaezina, une jakin batean gain hartzen diguna. Horrela pasa zaie Karlos Linazasororen (Tolosa, 1962) Hik ez dakik zer den beldurra liburuan jasotako narrazioetako protagonistei. Ia denek egin dute izugarrikeriaren bat, batzuetan inkontzienteki desiratuta eta besteetan kontzienteki bilatuta.

Eta denok barruan munstro bat eramango bagenu? Eta denok min egiteko kapaz izango bagina? Horiek dira irakurleari sortzen zaizkion galderak liburua irakurri ahala. 18 narrazio laburretan argituko ditu Linazasorok zalantza horiek guztiak.

Jende gaizto asko dago munduan? 

Baietz uste dut. Ikusi besterik ez dago telebista. Denok daukagu barruan min egiteko bulkada edo sena. Kontrolatzen jakin behar da, hortxe dago gakoa. Baina denok gara min emateko kapaz.

Gaizkia ederra dela dio protagonistetako batek, erakargarria, mendekotasun sortzailea, baina inor ez da onik ateratzen?

Nik uste horrela dela, gaizkiak, liburuan planteatzen den bezala, ez dakar ezer onik. Denok gai gara zerbait gaiztoa, txarra, mingarria egiteko. Baina horretarako daukagu garuna eta kontzientzia eta gisa-legea ere badago. Geure buruari askotan eutsi egin behar izaten diogu. Baina askotan gain egiten digu, burua joan egiten zaigu.

Denak gara oso normalak, normal izateari uzten diogun arte. Beti liluratu izan nau gai honek. Zergatik une jakin batean denak gai gara ez-egiteko bat egiteko?

Batzuetan askatzailea izan daiteke? 

Bai. Liburuan gai asko planteatzen dira eta gaizkia egiteko modu asko. Batzuetan gaizkia ez da gaizkia ere izango. Adibidez, ama hilzorian dagoenean eta eutanasia eskatzen duenean, semeak hiltzen laguntzen dionean, etengabeko eskaerari erantzunez, hori ez da gaizkia. Lege ikuspuntutik, onartua ez egoteak badauka bere zama, baina maitasun ekintza bat bezala ulertu behar da.

Beldurra al da honelako egoeren motorra?

Bai. Beldurra izan daiteke astakeria bat egin behar duzunean aurretik sentitzen dena, edo beldurra senti daiteke gero, astakeria egin ondoren. Orduan, benetako beldurra sentituko da. Batzuek beldur hori onartuko dute eta nolabait egingo lukete berriz egin duten gaizkia edo astakeria. Beste batzuk berriz damutu egiten dira egindakoaz eta damu hori seguru asko ez da sekula sendatzen eta geldituko da euren barruan.

Liburuaren izenburuan islatzen da hori: 'Hik ez dakik zer den beldurra'. Nondik esaten diozu irakurleari?

Liburuan, ipuinetan ez dago zehaztasun handirik. Oso laburrak dira eta apaingarririk gabe kontatu dut. Oso ipuin biluziak dira, horniduratan galdu gabe mezuari garrantzia eman nahi izan dut. Esan gabe, iradokitzen da, protagonista bat badagoela, liburuzaina izan daiteke, kartzelan edo leku itxi batean eta protagonista guztiek kontatzen diote zergatik dauden dauden tokian. Horregatik, Hik ez dakik zer den beldurra. Esaldi hori liburuzainari zuzenduta dago, entzuleari. Entzule hori liburuzaina da, baina estrapolatuz, irakurlea ere bada. Benetan irakurleari esaten zaio: Hik ez dakik zer den beldurra.

Nire asmoa irakurlea ispiluaren aurrean jarri eta halako egoera batean, normalean egoera muturrekoak eta zailak izanik, zer egingo genukeen hausnartzea. Irakurleari hausnarketa bat egiteko aukera ematen dio.

Ez dut epaitzen, planteatu baino ez dut egiten. Irakurleak berak egin beharko du bere lana. Bestearen larruan jarrita, gauzak oso ezberdin ikusten dira.

Mundu guztia heriotza-zigorraren kontra dago, hitzez behintzat, baina tokatuko balitzaigu psikopata batek alaba hil duela, orduan berdin pentsatuko genuke edo ez genuke berdin pentsatuko? Xenofobiarekin berdin. Hemen inor ez da xenofoboa edo arrazista baina ipuin batean planteatzen da, kanpotik datorren jende hori ez bada gurekin ondo portatzen, ez bada integratzen eta bizitza izorratzen badigu orduan bagara xenofoboak edo ez gara xenofoboak?

Irakurlea egoera ezerosoetan jarri dut; bestearen larruan, gauzak beste ikuspuntu batetik ikusteko.

Narrazio bakoitzak irakurlearengan zalantza pizten du. 

Hori da, bestearen larruan jarri eta gauzak beste era batera ikusten dira. Hain modan dagoen enpatia hori. Hitzez denak gara oso enpatikoak, inor ez da arrazista, inor ez dago heriotza-zigorraren alde… Baina egoera konkretu batzuetan… Esaterako, bortxatua izan den pertsona bat, gero berak zergatik egiten du berari egin dioten min hori? Horrelako galderak. Galdera asko. Bakoitzak jakin beharko du nondik jo. Situazio konprometituak dira eta horixe izan da nire asmoa gainera.

Narrazio bakoitza geruza diferentean kokatu duzu. 

Protagonista entzule fina da eta liburuzainak entzule finak izaten gara. Berari eskatzen dizkiote liburuak, berak erakusten dizkie filosofia eta literatura, bera pertsona jantzia da, beti entzuteko prest, laguntzeko prest, pazientea… Berari kontatzen dizkiote bere minak, bere oinazeak, bere zorigaitzak.

Hitanoa erabili duzu horretarako.

Gertutasuna islatzeko. Biak ezagunak dira, biak leku itxi batean daude. Gizasemeak dira normalean, emakumeren bat ere badago. Gertutasunaz gain beste puntu bat ematen dio. Ez da asko erabiltzen hitanoa. Puntu exotiko hori ematen dio. Eta gertutasuna batez ere.

Labur, zehatz aritu zara. Zure ohiko estiloan.

Bai, horretan ahalegindu naiz. Ipuin hauek errealistak dira, egunerokotasunetik ez dabiltza urruti. Nire mundutik aparte ibili naiz. Gehiago jorratu izan dut, eta gusturago sentitu izan naiz alderdi fantastikoan eta umorearekin eta ironiarekin jolastuz. Hemen horrelakorik ez dago. Ez ironia, ez umorerik… Errealismora hurbiltzerakoan toke pertsonal bat ematen ahalegindu naiz. Horregatik daude poemak eta testuak nahastuta. Bata bestearen lagungarri dira. Poemak fondoko musika bezalakoak dira. Testuari uztartuak, ondo laguntzen dute hausnarketarako. Saiatu naiz gauzak labur eta biluzik egiten. Sintaxia oso bihurritua dago, hiperbaton eta esajerazio asko dago, errepikapen asko dago, ez dago puntuaziorik. Honek izugarrizko indarra ematen dio testuari. 

Sintaxi era honek normalean irakurketa zailtzen du, baina ez dut uste kasu honetan ipuinak irakurtzeko zailak direnik. Zaila izango da bukatu eta hausnarketa bat egitea. Baina ipuinak erraz irakurtzen dira, nahiz eta puntuaziorik gabe, errepikapen asko eta poemak tartean egon. Liburu honetan nire kezka gauzak labur, biluzik eta hornidurarik gabe, deskripziorik gabe kontatzea izan da. Bukaerak prebisibleak dira, ez nuen ipuina sorpresa batekin bukatu nahi. Beste ipuin modu batzuetarako balio du. Bukaera ez da bereziki garrantzirik gehien duen alderdia ipuin hauetan.

Estiloak zailtzen al du idazketa?

Ideia garbi nuen. Hemezortzi ipuin dira eta banaka-banaka eginda ez da oso lan nekagarria izan. Batzuetan ipuina idatzi dut aurretik eta ondoren poema gehitu diot. Beste batzuetan kontrara izan da, poema batetik ipuina atera da. Normalean abiapuntua poemak dira, laguntzen dute eta ematen diote indar filosofiko edo literario edo etiko bat testuari, lagungarri dira. 

Denbora asko behar izan duzu?

Ez naiz oroitzen. Beti egiten dudan bezala, tarteka bestelakoak idazten ditut, poemak, aforismoak, ipuin hiper-laburrak. Normalean liburu bat, bi edo hiru eserialditan egiten dut. Ez dut dena segidan bukatzen. Bospasei ipuin idatzi eta handik pixka batera berriz ere hartu eta bitartean beste gauza batzuk idazten ditut. Generoak tartekatu egiten ditut. Aspertu egiten naiz segituan beti gauza berarekin jardunda. Gustatzen zait hilabete pare bat hartu aforismoak edo haikuak idazteko. Eta ondoren berriro bueltatzen naiz liburura, freskoago nolabait esateko. Ezin dut esan zenbat denbora pasa dudan idazten.

Gai zailak jorratu dituzu eta pertsonaiak gertukoak. 

Ez dut oso urrutira begiratu behar izan. Batzuk benetako gertakizunetan oinarriturik daude. Ez dut asko arakatu behar izan hemezortzi ipuin hauetarako. Hausnarketa bat egiteko nahikoa material badago. Ez nuen asko luzatu nahi, azkenean errepikatzeko arriskua ere badago. Ikusten nuen ipuinak laburrak eta ipuin-liburua laburra izan behar zuela. Txantxa gutxi dago liburuan. Ipuin bakoitza oso zaindua dago.

Orain zertan zabiltza?

Lanak tartekatzen [barreak]. Poema liburu bat bukatu berri dut eta horren erantzunaren zain. Laster aforismo liburu bat aterako da gazteleraz itzulia, euskaraz egina dago, baina sorpresaz erdaraz kaleratuko dute euskaraz baino lehen. Euskaraz zoritxarrez ez dut argitaletxerik aurkitu, ez zaio inori interesatu. Aforismoen munduak erdaraz izugarrizko indarra du orain, puri-purian dago, eta erdarazkoa oso gustura aterako dute. Euskarazkoa ordea saiatu naiz batean eta bestean, inork ez du nahi izan. Niretzat tristea da, erdarazkoak interes handiagoa erakustea, euskaraz, euskal literaturak baino. Penagarria da, tristea da. Ez dago ohiturarik, ez dago tradiziorik aforismoak irakurtzeko, baina ez badira argitaratzen, ez badira idazten, ez badira irakurtzen, sekula ez dugu horma hori gaindituko.

Batzuk ezta irakurri ere. Nobelaren tiraniaren munduan gaude eta horrelakoak ez dira aintzat hartzen. Euskaraz idatzi dut, eta tristea iruditzen zait euskal irakurlea libururik gabe gelditzea. Horrela daude gauzak.

 

HIK EZ DAKIK ZER DEN BELDURRA


EREIN ARGITALETXEA

Narratiba saileko 122a.

104 orrialde.

Paper-azal koadernaketa.

2019.11.06 argitalpen data.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!