Fiskal nagusiarengana elkarrekin joan ziren Asuncion Klinikako bi langile ohi, 2019ko ekainaren 12an. Biak medikuak, espezialista titulua homologaturik duten medikuak. Bata traumatologoa eta bestea hematologoa. Biak TOLOSALDEKO ATARIA-rekin elkartu dira, hirugarren mediku espezialista bat alboan dutela. Hau ere Asuncion Klinikako langile ohia.
Lehen biek honela gogoratzen dute iazko ekainaren 12ko hitzorduaren hasiera: «Asuncion Klinika ikertzen hasteko bi modu daude, esan zigun Carmen Adan Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak: ustezko delituren bat egotea edo salaketa asko pilatzea». Gipuzkoako fiskaltza orain ikertzen ari den ustezko intrusismo delitua ez dute azken ikerketa izatea nahi, «arazoa zabalagoa delako; eskualde oso baten osasun arreta zerbitzuaz ari gara».
Aurrerantzean ere salaketa gehiago izango direlakoan daude bi medikuak. Horretarako deialdia zabaldu diete Tolosaldeko erabiltzaileei, klinikako langileei edo izan direnei, eta erakunde nahiz mugimendu desberdinetako kideei: «Edozein irregulartasun edo beste edozer sumatuz gero, jarri salaketa Gipuzkoako Sendagileen Elkargoan». Bide hori zabalik dagoela uste dute. Hori frogatzeko, eurek bizitakoa eta sufritutakoa kontatu dute.
Ametsetako lana, ezta?
2018ko urtarrilean, Jesus Gomez Montoya Asuncion Klinikako presidente exekutiboak bere bulegora deitu zuen klinikak zuen hematologo bakarra. Bilera amaitzean, bulegotik zuzenean etxera joan zen mediku espezialista. Gehiago ez zen Asuncion Klinikara itzuli. 16 urte zeramatzan bertan lanean.
Amaiera horren hasiera 2013an kokatzen du medikuak, bost urte lehenago: «Barrutik gauzak aldatzen saiatu nintzen. Gabeziak ikusten nituen nire espezialitatean. Ondorioz, zuzendaritzara joaten hasi nintzen hobekuntza horien proposamenekin. Gabeziak hobetzeko eskatuz lau urte pasa nituen, 2017ko abendura bitarte. Inoiz ez ninduten kontuan hartu».
Proposamen horiek lan baldintzetatik hasi eta programa informatikoetaraino zabaltzen ziren. Lan baldintzetan beste hematologo baten beharra azaltzen da eskarien artean. Beste ospitaleen pare jartzeko, berriz, Odolbide edota Sintrom-en inguruko programak aipatzen ditu mediku espezialistak.
Lehenengo atala argitzeko, ondorengoa gogoratzen du hematologoak: «Nik ez nuen ulertzen oporrak hartzen nituenean nola ez zuten beste hematologo bat jartzen. Eskualde ospitaleetan bi, edo Zumarragakoaren kasu, hiru zeuden. Niretzat hori osasun arretan gabezia bat zen. Nire lan baldintzetan ere eragiten zuen, ezin nituelako oporrak lasai hartu. 16 urte horietan ez ditut inoiz hilabete osorako hartu. Gaixoen egutegia egokitu behar izaten nuen opor egunen aurretik eta ondoren, eta ez zuen ematen. Zuzendaritzara joaten nintzenean eskaera horrekin, ez kezkatzeko esaten zidaten: 'Zerbait gertatzen baldin bada Donostiara bidaliko ditugu, eta gainera, arduraduna zuzendaritza da, ez zu, ez ito horrekin'. Baina hematologiako gaixoak kronikoak dira, bi astez behin odol transfusioa egin behar izaten zaie zenbaiti. Ez kezkatzeko esaten zidaten, baina nola ez kezkatu? Mediku bezala, gaixoen arduradun sentitzen nintzen».
Medikuntzako Kode Deontologikoak markatzen zuena besterik ez zuela egin dio Asuncion Klinikako langile ohiak. «Zerbait ondo ez dagoela ikusten baldin baduzu, aurrena zentroko zuzendaritzara jo behar duzu. Ondoren, sendagileen elkargora eta hortik, dagokion osasun arduradunarengana, beste bide batzuk hartu aurretik. Eta nik urte guzti horietan urrats horiek jarraitu besterik ez nituen egin».
Zuzendaritzarekin saiatu ondoren, beraz, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko abokatuarekin hitz egin zuen hematologoak. «Idatzi bat egiten lagundu zidan. Artatzen nituen gaixoak gero eta gehiago zirela jarri genuen bertan. Zenbakiak atera nituen. Ia ez nekien nola eskatu beste mediku bat. Txandak egingo genituen, zerbitzu hobea eskainiko genuen…, baina bakar-bakarrik nengoen».
Berriro klinikako zuzendaritzan aurkeztu zuen idatzia, edo kasu honetan, zehatzago esanda, «zuzendaritzako kide batzuei» eman zien. Idatzia mugitzeko eskatu zien. Nahi zuten tokira eramateko baina arazoa konpontzeko; hematologia zerbitzuak aldaketa behar zuela klinika horretan. «Zerbitzuan defizit bat zegoela ikustea nahi nuen, eta hori konpontzeko eskatu nien». Ondorengoa ere esan omen zien zuzendaritzako kide horiei: «Idatzi hau Jesus Montoyak ikusten baldin badu arazoak izango ditut. Eta ez dut nahi ez inork buila egiterik ezta inorekin arazorik izaterik». Hilabeteak pasa ziren eta ez zen erantzunik iritsi, «gauza horiek geldo joaten zirela eta abar esaten zidaten».
Orduan, hematologia medikuak hurrengo urratsa ematea erabaki zuen: Tolosaldeko Erakunde Sanitario Integratura (ESI-OSI) joatea. «Esaten nuena ere ez zidaten sinesten. Sintrom-en programa ezagutu ere ez zuten egiten. Are gehiago, kontsulta pasatzen nuela ere ez zekiten. Ez zekiten ezer nitaz», dio hematologoak.
Eskualde bateko ESIak zonalde horretako anbulatorio guztien eta erreferentziazko ospitalearen arteko koordinazio lanak egiten ditu. Publikoa da, hau da, Osakidetzari lotua.
Idatzi horrek 2017 amaierako sarrera erregistroa du Tolosaldeko ESI-an. Sartu aurretik, ordea, horrelakoak entzun behar izan omen zituen: «Ziur zaude egin behar duzunaz? Badakizu non sartzen ari zaren?». Nolabaiteko aholku horiek jasoagatik, aurrera jarraitzea erabaki zuen medikuak, eta idatzia Jon Etxeberria Osasun Saileko Gipuzkoako Lurralde ordezkariari bidali zitzaion.
Egun gutxira bilera batera deitu zuten hematologoa. Bilera hori, ordea, Jesus Gomez Montoya Asuncion Klinikako presidente exekutiboak deitu zuen, bere bulegoan. 2018ko urtarrila zen. Bertan esandakoen xehetasun guztiak fiskal nagusiaren esku daude, baina hasiera honela izan zela dio Asuncion Klinikako mediku ohiak: «Pasa, hematologia San Luis bat baino garbiago utzi behar dugu eta». Hematologoaren esanetan Montoyak idatzia eskuetan zuen. Nork bidali zion? «Ez dakit, baina egun gutxiko kontua izan zenez, bi aukera bakarrik etortzen zaizkit burura. Egin zuenak zergatik egin zuen hori? Ez dakit».
Bilera amaitu ondoren atetik atera zen hematologoa. Zuzenean etxera joan zen. Familia medikuari deitu eta baja eman zion: «'Klinika horretara ez zara gehiago itzuliko, zaude lasai', esan zidan. Asteburuak libre nituen lan bat nuen, jai egunak, oporrak, nire soldata, kontratu mugagabea… dena zoragarria. Ametsetako lana pentsatuko duzu, ezta?».
Eta hor gurutzatzen dira gure bideak, dio aldamenetik Asuncion Klinikako traumatologo ohiak.
Espezialistak alde egiten hasi ziren
Tolosan bizi den traumatologoa Asuncion Klinikan 2013an hasi zen lanean. 2017ko abenduan, familia medikuarenera joan zen: «Ezin dut gehiago jasan». Bi hilabeteko baja eman zion. Apirilean itzuli zen lanera. Hilabete bertan pasa ondoren, ez zen gehiago itzuli Asuncion Klinikara.
2013an Iruñean ari zen lanean, bere jaioterriko klinikatik lan eskaintza egin ziotenean. «Dena oso polita saltzen dizute hasieran. Bizi osoa tolosarra izanik banekien fama txarra zuela, 'baina, ez da horrenbesterako izango' esan nion neure buruari. Jarraian ikusiko duzun bezala, beti izan naiz tuntun samarra».
Kontratua sinatu eta Asuncion Klinikako traumatologia zerbitzuan hasi zen orduan lanean, urtean 65.000 euroko soldata gordina irabaziz, guardiak barne. «Zergatik ematen dudan datu hori? Jaun horrek prentsan gezurra esaten duelako Asuncioneko langileek gordinean 75.000 eurotik 100.000 eurora bitarte irabazten dutela dioenean. Batzuk bai, batzuk irabazten dute…».
Kontratua sinatu eta hilabetera lehen lan gatazkak hasi zirela dio mediku espezialistak: «Osakidetza krisian sartu zen, eta zurrumurruak zabaltzen hasi ziren. Horien arabera, Asuncion Klinikari garai hartako hitzarmenetik %7 jaitsiko zitzaiola esaten zen. Diru kontuez ari gara. Orduan zer egin zuen berak, langileei soldata jaitsi, Osakidetzak diru gutxiago emango ziolakoan. Erizainak bat eginda zeudenez aurre egin zioten, eta irabazi egin zuten, kausa justifikatua ez zelako».
Kontratua sinatu eta hilabetera, beraz, soldata murrizketen saiakera hori ezagutu zuela dio traumatologoak. Gero, hilabeteak pasa ziren eta «ondo». Egun batean, ordea, Tolosako Azokan zegoela telefono dei bat jaso zuen: «Ea guardian nengoen galdetu ondoren, Donostiako El Pilar ospitalera joan behar nuela esan zidan. Nola? Ni Asuncioneko langilea nintzela erantzun nion, erratu egingo zela. Segidan, klinikako traumatologia buruari deitu nion. Lasai egoteko, ezer ez zela, ahazteko esan zidan honek. Baina, noski, nik ez nuen ahaztu». Astelehenean lanera joan zenean berriro gaia atera zion arduradunari, eta honek erantzun bera eman zion: «Ahazteko». Ahaztu ez zirenak El Pilarrekoak izan ziren, hilabete batzuetara berriro deitu baitzioten tolosarrari, «haurrekin ikastetxean nengoela».
Egoera horren aurrean abokatuarengana joatea erabaki zuen traumatologoak. «Kontratua erakusteko esan zidan. Hitzarmena Inviza SA-rekin zegoela ikusi genuen. 'Eta non daude klausulak?', galdetu zidan. Nik kontratua hori zela esan nion. El Pilar-era gerturatu ere ez egiteko esan zidan, hura Inviza ez zelako. Orduan sutan jarri eta zuzendaritzara joan nintzen. Ea zer gertatzen zen galdetu nion Agustin Agirreri. Asuncionen lanean hasterakoan guardiak bietan egin behar zirela, Montoyak futbol federazioarekin ez dakit zer sinatu zuela eta abar kontatu zizkidan». Traumatologo tolosarrak bera lanean klinikan bakarrik hasi zela erantzun zion, eta aurkakoa inork ez ziola lehenago azaldu. Gauzak horrela baldin baziren negoziatu egin beharko zela, «baina, bietatik aldi berean deituz gero zer gertatuko litzatekeen galdetu nion. Hori ez dela inoiz gertatzen esan zidan, baina, bai gertatu zen».
Horren ondoren berriro lasaitasuna etorri zela dio tolosarrak. «Abokatuak esan zidan ezer ez sinatzeko, eta nik horrela egin nuen. Hori bai, klausulak eskatzen hasi nintzen, oraindik sinatzeko nengoela eta ikusi egin nahi nituela». Eskatu eta eskatu ibili ondoren, bi urtera jaso zituela dio traumatologoak. «Bat-batean hor ikusi nuen Invizak ez ninduela kontratatu, Asistencia Medica Tolosa SL-k baizik. Montoyak sortutako beste enpresa batek. Dirudienez medikuak hor zituen sartuta. Abokatuarengana joan eta hori inolaz ere ez sinatzeko esan zidan, txeke zuri bat sinatzea zela. Hori sinatuz gero gurekin nahi zuena egingo zuela».
Gurekin ere berdina egin zuen, dio Asuncion Klinikako hirugarren langile ohiak. «Gure kontratuan zera azaltzen zen: une horretan zituen zentroetan lan egiteko eta baita etorkizunean izan zenezakeenetan ere». «Pentsa», dio traumatologoak: «Etorkizunean Eibarren irekitzen du zentro bat, eta hara bidaltzen zaitu zuk txintik esateko eskubiderik gabe. Txapel batekin hiru buru tapatu nahi zituen. Eta noski, lan bakarra ordaindu. Nik bilera batean esan nion Montoyari, medikuak baino mertzenarioak nahi zituela. Bileratik bidali ninduen. Ni baldintza horietan lan egiteko ez nengoen prest, eta ez naiz diruaz ari. Ni Asuncion Klinikara joan nintzela lanera esan nion, eta berak horrela ez zela esaten baldin bazidan, agur eta ondo segi. Baina orduan berak gure beharra zuen, espezialista titulatuak ginelako eta hitzarmena sinatu zuelako Osakidetzarekin, baldintza hori betebeharrekoa zela jasotzen zuen hitzarmenak».
Hor, tartean, gertaera esanguratsu bat izan zen. El Pilar ospitalea kiebrara joan zen, itxi egin behar izan zuen Jesus Gomez Montoyak. Komunikabideek honelako titularrak atera zituzten: «El Pilar Klinikak ateak itxi ditu Osakidetzatik zetozkion gaixoen kopurua hondoratzean». Horrek zein ondorio izan zuen Asuncion Klinikan? «Montoya Donostiatik Tolosara etorri zen. Klinikako zerbitzu buru batek esaten zuen bezala, urrezko arrautzen oilora. Ordura artekoa hankaz gora jartzen hasi zen eta handik eta hemendik dena estutzen. Dena aldatu zen», dio traumatologoak.
Lehengoaz gain, beraz, arazoak handitzen joan zirela dio tolosarrak. «Lankide ohiak lehen esan duen bezala, gure espezialitatean ere azpiegitura arazoak zeuden. X izpien aparatua horren adibide garbia zen. Horrez gain, guardiak 20:00etatik aurrera bakarrik ordaintzen zituztela ikusi genuen. Orduan zer gertatzen zen 15:00etatik 20:00etarako tartean? Izan ere, gure lanaldia 15:00etan bukatzen zen. Ordu horietan operatzera igo behar izaten ginenean, dohain egiten genuela konturatu ginen».
Traumatologo tolosarrak epaitegian jarritako bost salaketak irabazi ditu. A. IMAZ
Lan gatazkekin bost aldiz joan zen traumatologoa epaitegietara, eta bost auziak irabazi zituen. «Gero, Jon Etxeberria Gipuzkoako Lurralde ordezkariak, 2019ko abenduan, langileei erantzun ziena irakurtzeko, 'enpresak adierazten du zorrotz betetzen dituela indarrean dagoen hitzarmeneko lan-baldintzak'», dio tolosarrak. «Lurralde ordezkaritzaren idatzi hori ere argitara atera beharko da noizbait, ebakuntza-gelako itsuten kontua bezala», gaineratuz.
Lan baldintzek, makineria berrien eskariak eta informazio faltak bat egin zutenean, egoera erabat lehertu zela dio traumatologoak: «Montoyak uste zuen guk klausulak sinaturik genituela. Hori horrela ez zela jakin zuenean haserre bizian jarri zen Agustin Agirre eta traumatologia buruarekin. Horrenbesteko tentsioa zegoen, mediku espezializatuak alde egiten hasi zirela. 2016ko abenduan bat, 2017ko maiatzean bestea, irailean eta azaroan bi, eta azkena, tuntun hau, 2018ko martxoan». Traumatologia zerbitzutik aparte, beste hainbat medikuk ere Asuncion Klinika utzi zuten garai hartan.
Hor izan genuen elkarren berri, dio aldamenetik hematologoak.
«Fiskaltza bakarrik geratzen zaizue»
Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiaren aurrera joateko arrazoi bat baino gehiago zituzten, eta bata bestearekin loturik zegoen. Aurrena, Osakidetzako zerrendekin hasi ziren, eta hori argitu zutenean, Asuncion Klinika jartzen zuen karpeta entregatu zioten Carmen Adani, EAEko fiskal nagusiari.
«Egoera jasangaitza zenez Asuncion Klinikan, Osakidetzako zerrendetan izena eman nuen. Traumatologiako buruari ere erakutsi nion nola egin behar zuen. Nire ezustekoa orduan etorri zen, berari niri baino lehen deitu ziotenean. Lan esperientziaren atalean hainbat puntu zituen, eta gu biok zero. Nola zitekeen hori? Nik banekien berak Osakidetzan ez zuela lanik egin, ez behintzat horrenbeste puntu lortzeko adina. Orduan argi ikusi genuen, Asuncionekoak kontatu zizkioten», dio traumatologoak. Klinika pribatuan lan egiten dutenei sare publikoan lan esperientzia ez zaie kontatzen, ez da behintzat puntuetan islatzen.
Han eta hemen galdezka ibili ziren puntu horien jatorria lortu nahian. «Alde guztietan gauza bera erantzuten ziguten: ondo zeudela. Orduan, ELAko abokatuak azken aukera fiskalarengana joatea zela esan zigun. Guk deitu egin genion, eta hitzordua jarri zigun. Gauza bat da gu bezalako bi medikuri adarra jotzea, baina ausartuko al dira fiskal nagusiarekin?». Osakidetzak, beraz, oraingoan fiskalaren galderari erantzun behar izan zion. «Eta zer erantzun zion? Ondo zeudela».
Bi medikuak eta fiskala bera burugogor jarri ziren, ordea. Puntu horiek zituen medikuaren bizitza laborala eskatu zion Carmen Adanek Osakidetzari, eta bigarrengo saiakera horretan, bai, akatsa agerian geratu zela dio traumatologo tolosarrak: «Oker ez banago, 11 puntu gehiago zituen». Albiste gazi-gozoa izan zen. Traumatologoak sare publikoan zegokion postua lortu zuen, baina hematologoa lan esperientzia arloan punturik gabe geratu zen, Asuncionekoek ez zutela kontatzen agerian geratu baitzen.
Lehen arrazoiaren ondoren bigarrena etorri zen: Asuncion Klinika. Hematologoak aurkeztu zuen, baina biak elkarrekin zeuden: «Fiskal nagusiari beste zerbait ere banuela esan nion, azken urte guzti hauetan pilatu nuen informazioa. Hartuko zuela esan zidan. Karpeta hura bere eskuetan uztea ez zen hain erraza izan. Bost segundoko kontua izan zen esku aldaketa, baina amaiezinak egin zitzaizkidan. Banekien hori egin ondoren, dena aldatuko zela. Tolosaldeko herritarrek beste eskualdeetako herritarren zerbitzu bera izatea besterik ez nuen nahi. Ezer ez banu egingo, ezer ez banu esango, konplize sentituko nintzateke».
Karpetako dokumentuekin batera, fiskal nagusiari euren esperientzia kontatu zioten Asuncion Klinikako bi langile ohiek. Komunikabideetan agertu dena, eta ez dena. Ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak Gipuzkoako fiskaltzaren esku utzi zuen informazioa, eta honek, Asuncion Klinika ikertzen hastea erabaki zuen, ustezko intrusismo delituagatik.
Bi medikuek argi utzi nahi izan dute ustezko intrusismo delituaren berri Gipuzkoako fiskaltzaren eskutik izan dutela. Gustura daude, «zerbait mugitzen hasi delako», baina jarraipena izatea espero dute: «Azkenean, klinikako langileek salatu berri duten bezala egoera oso larria delako». «Nire amak beti esaten du: ondo dabilenari pasa lekioke, baina gaizki dabilenari pasa egingo zaio».