Koronabirusa

Etxeak ikastetxe bilakatu dira

Ataria 2020ko mar. 13a, 17:36

Hego Euskal Herriko hezkuntza zentroak ikasleentzat itxita daude gaurtik aurrera, eta ondorioz, jarduera ikastetxeetatik kanpo, etxeetatik egiten hasi dira.

Langileekin batera ikasleak izan ohi dira goizeko trenak bete ohi dituztenak, baina, gaur trenak ez dira betetzera iritsi. "Jai egun bateko kopurua" izan dela azaldu du Renfeko Tolosako geltoki nagusiko langileak. Ikasleek gaurtik hezkuntza zentroetara joateko debekua ezarri zuen atzo Jaurlaritzak, eta adin txikienetik hasi eta helduetara bitarte hartzen dituzten ikastetxeek ere, trenen edo beste garraio publikoen modura, opor egun baten irudia izan dute.

Hori bai, ikasleak ikastetxera joango ez badira ere, momentuz langileak bertan izango dira, hala adierazi baitzaie hezkuntza sailetik. Tolosako Laskorain ikastolan, esaterako, datozen bi asteetan ikasleekin online lan egiteko egin beharreko prestaketak egin dituzte. Iñaki Olaetxea kudeatzaileak azaldu duenez, "prestatuta" daude horretarako, ikasleekin dagoeneko modu horretan lan egiteko plataformak erabiltzen dituztelako. Adinaren arabera lan egiteko modua desberdina da, beraz, adin tarte bakoitzerako prestatuko dute etxetik ikasten jarraitzeko modua.

Tolosako Herrikide ikastetxean ere egoera berrira lehenbailehen egokitzeko ari dira lanean. Langileekin egin beharreko bilerak dira nagusi azken orduetan, batez ere, norberaren aurrerantzeko lan egiteko modua zehazteko. Herrikideren kasuan ere, ikasleei datozen egunetan egin beharreko lanak zehaztu dizkiete, eta kasu batzuetan horiek eskolan bertan jaso behar izan dituzte gaur goizean.

Hezkuntza zentroen jarduera ikasleentzat eteteko erabakia kezkaz hartu dute gurasoek, seme-alaben zaintzaren kudeaketagatik. Bada, gurasoek azaldu duten jarrera baikorra azpimarratu nahi izan du Iñaki Olaetxeak. "Eredugarria izaten ari da gurasoen jarrera, ulertu egin baitute egoera, eta ez dugu kexarik izan. Nire ustez, gehienek beste tokietan zer gertatzen ari zen ikusita espero zuten zer etor zitekeen eta nolabait kontzientziatuta daude".

Printzipioz, martxoaren 27ra arte itxi dituzte ikasleentzat hezkuntza zentroak, baina, data hori luzatu ahal dela aurreikusi dute, eta bi aste baino gehiagorako prestatuko dutela lan egiteko modu berria adierazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!