Tolosako Udalak prentsaurrekoa eskaini du gaur, hartutako neurri zehatzak azaldu eta, bereziki, herritarrei ezohiko egoeraren aurrean arduraz joka dezaten eskatzeko.
Xabier Balerdi pertsonal saileko zinegotziak azaldu duenez, egoeraren inguruko erabakiak hartzeko Prebentzio Mahaia osatu zuten, atzo goizean, teknikari eta politikariek. Besteak beste, gizarte zerbitzuetako sailburuak, idazkariak, kontu hartzaileak, udaltzain buruak eta arduradun politikoek osatu dute mahai hori. Gaur goizean eginiko bileran hainbat erabaki hartu dituzte:
- Aurrez aurreko arreta, zita eskatuta. Arreta telematikoa lehenetsiko dute, eta aurrez aurreko zerbitzua eskaintzen duten sailek, esaterako, Udatek, gizarte zerbitzuek eta kultura sailak aurretik zita eskatuta soilik artatuko dituzte herritarrak. Hori horrela, udaletik eskatu dute premiazko tramiteak egin behar dituztenek soilik jo dezatela udaletxera eta tramite telematikoak lehenestea, telefono bidezkoa edota posta bidezkoa.
- Liburutegia, Euskategia eta Emeterio Arrese eta Abastoseko bilera gelak itxita.
- Ekitaldi eta jarduerak bertan behera.
- Bihar, esaterako, ez da azokarik egingo. Olatz Peon alkateak azaldu duenez, "udalak osasun irizpideak lehenetsi ditu eta momentu honetan, jende pilaketak saihestea lehentasunezkoa da". Astelehenean, baserritar eta ekoizleekin bilera egingo dute zein neurri hartu adosteko eta elikadura salmenta berme guztiekin egiteko.
- Bestalde, atzo ospatu zen Zerkausian Tolosatzen Eskola Irekiaren ikasturteari hasiera emateko ekitaldia, baina egoeraren aurrean, lehen topaketak bertan behera uztea erabaki du udalak. Ekainera atzeratuko dute.
- Gipuzkoa Encounterra ere ez da ospatuko eta antolatzaileek dirua itzuliko diete izen emandako guztiei.
- 14 orduak proba urtebete atzeratzeko erabakia hartu dute antolatzaileek, eta beraz, 2021ean ospatuko da.
Udaletik "erantzukizun osoz" jokatzeko deia egin du Peonek, "birusaren zabalkundea moteldu eta hedatu ez dadin". "Gizarte osoaren ardura da, horregatik, tolosar guztiei eskatzen diet arduraz eta elkartasunez jokatzeko eta ahal den neurrian etxean gelditzeko eta jende pilaketak saihesteko", gaineratu du.
"Ezohiko egoera baten aurrean gaude eta ezohiko neurriak hartu behar ditugu; guztiok ahalegin berezia egin beharko dugu eta osasun erakundeek ematen dituzten gomendioak eta jarraibideak jarraitu. Horregatik, herritar guztiei, merkatari eta ostalariei, talde antolatuei, elkarte gastronomikoei, guztiei, arduraz jokatzeko eta prebentzio neurriak areagotzeko era zorrozteko eskatzen diet, benetan beharrezkoak ez diren jarduerak bertan behera uzteko, aisialdi guneak eta arrisku guneak saihesteko", azpimarratu du.
Martxoaren 29a bitarte indarrean egongo dira neurri horiek. Edonola ere, egoera normaltasunera itzultzen den arte luzatuko dira. Prebentzio Mahaiak egunero egingo ditu bilerak, eta egunez egun beharrezkoak diren neurriak hartuko dituztela azaldu dute.