Koronabirusa

Tolosako Udalak prebentzio neurri modura hainbat zerbitzu eta jarduera etengo dituela iragarri du

Ataria 2020ko mar. 12a, 16:31

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna ez da ospatuko. Leidor eta Topic ere itxi egingo dira.

Tolosako Udalak jakinarazi duenez prebentzio mahaia osatuko du koronabirusaren eboluzioaren jarraipena egiteko. Egunero bilduko den mahaia izango da. Horrez gain, beste hainbat neurri hartu ditu: "Adineko pertsonentzako talde-ekintza guztiak bertan behera utziko dira, esaterako MUGI ekimena eta baita elkarte eta talde ezberdinek (Iturriza, Harizpe, Beti Ikasten, Beti Gazteak...) antolatzen dituzten ohiko jarduerak zein taldeko ekintzak.

Eusko Jaurlaritzak eskola ixteko emandako aginduari jarraiki, eta guztiak noranzko berean lan egite aldera, haurrei zuzendutako eta eskainitako zerbitzu eta emanaldiak ere bertan behera uztea erabaki du udalak. Hala, larunbateko Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en emaldia ez da ospatuko, Topic itxi egingo da eta beraz, larunbatean inauguratu behar zen erakusketa berria publikorik gabe aurkeztuko da.

Haur liburutegia eta Musika Eskola ere itxi egingo dira eta Kultur Etxea irekita mantenduko bada ere, topagunea eta bilera gelak itxita ta tailerrak bertan behera geratuko dira. 

Udaletik azaldu dutenez, edukiera dela eta, Kiroldegia eta kirol espazioak (Berazubi, Beotibar eta Uzturpe) bihartik aurrera ere itxi egingo dira, momentuz, martxoaren 29ra arte, eta Leidor aretoa ere ixtea erabaki dute. Ondorioz, biharko antolatuta zegoen Kamerata Euskadivarius kontzertua ez da eskainiko.

Amalur ekitaldiei dagokienean, gaurko hitzaldia mantenduko da, baina biharkoa ez da ospatuko. 

Tabernariei zuzendutako hainbat prebentzio neurri: 

Udaletik tabernariei prebentzio neurriak areagotzeko eskatu zaie. Besteak beste, "garbiketari modu berezian erreparatzea espazio, mahai, edalontzi, plater eta mahai-tresnei dagokienean, edukiera kontrolatzea beharrezkoa den kasuetan eta arduraz jokatzea janariari dagokionean ere". 

Herritarrentzako gomendio orokorrak: 

Ondorengoak dira udalak zabaldu dituen oharrak:

  1. Eskuak maiz garbitu.
  2. Ahoa eta sudurra estali ukondoaz edo zapi batez,  eztul edo doministiku egitean. Zapia berehala bota eta eskuak alkoholezko oinarria duen desinfektatzaile batekin edo uraz eta xaboiaz garbitu.
  3. Adinekoengandik edo gaixotzeko arriskua duen jendearengandik metro bateko distantzia mantendu, artapenak gehiago hurbiltzea eskatzen duen kasuetan izan ezik.
  4. Ez kontaktatu adinekoekin, profesionalek sukarra edo arnas-siontomak baldin badituzte.
  5. Begiak, sudurra eta ahoa ukitzea saihestu.
  6. Sukarra edo arnas-sintoma arinak izanda lantokira joatea ekidin eta medikuarekin harremanetan jarri. 

Azkenik, Tolosako Udaletik lasaitasun mezua zabaldu nahi izan dute eta herritarrei erantzukizunez jokatzeko deia egin die: "Ezohiko egoera baten aurrean, eta osasun publikoko arazo medio, hartu beharreko prebentzio neurriak dira, birusaren zabaltzea ekiditeko".  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!