Botika bat hartu aurretik, galdetu

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko mar. 13a, 11:59
Maialen Rodriguez, Nagore Esnaola eta Leire Garziarena, Azpiroz farmazian lan egiten dutenetako batzuk. E. MAIZ

Herritarren artean zabalduta dago medikuaren gomendiorik jaso gabe medikatzearena. Ohitura hori ez dela ona diote adituek, eta hobe dela, beti, botikaren bat hartu aurretik kontsultatzea.

Eztarriko mina, buruko mina, tripako mina bizkarreko mina,... ohikoak dira herritarrengan, egunerokoan. Eta ohikoa izan ohi da, etxeko botikinetik, medikuaren edo osasun langile baten gomendiorik gabe min horiei aurre egiteko botikak hartzea. Jakina da, jendeak botikak kontsumitzen dituela, baina arduraz jokatzea garrantzitsua dela diote osasun langileek.

Lourdes Azpiroz, Irune Rodriguez, Nagore Esnaola, Leire Garciarena eta Maialen Rodriguez dira farmazia kudeatzen dutenak. Jende helduak ohitura gehiago duela farmaziara joateko dio Maialen Rodriguezek, eta jendeak botikak «erraz» hartzen dituela berretsi du: «Bai, bai. Hori horrela da. Beti izan dira, bizilagunak esan dit berari ondo joan zaiola, eta nik ere nahi dut. Eta uste dut hori ez dela inoiz aldatuko».

Telebistan farmaziako produktuen iragarki pila bat daudela ekarri du gogora, eta gaur egun izugarrizko informazioa eskura dagoela Interneten. «Guk jada nabaritzen dugu, jendea gauza konkretu baten bila datorrela. aholkurik ez du eskatzen, eta hori aldatzea asko kostatzen da. Ez dakit jendeak gugan ez duen konfiantzarik edo, sarritan ondo joan bazaio ez du aldatu nahi izaten».

Farmaziak osasun zerbitzu bat direla azaldu du, eta patologiaren arabera medikuarengana edo farmaziara joan daitekeela gaixoa: «Ia hogeita lau orduz irekita daude farmaziak, eta mediku etxeak, batzuetan, gainezka egoten dira. Askotan, guk, gomendio huts batekin, irtenbidea aurkitu diezaiekegu. Beste askotan, medikuarengana ere bideratzen ditugu».

Farmaziara sartzen den pertsona bakoitzak arazo edo minen bat duela gehienean dio: «Normalean minak izaten dira: burukoa, tripakoa,... Gure lana gomendioak ematea da». Osasun langile baten gomendioek lehenengo aukera izan beharko luketela garbi du Rodriguezek: «Jende asko etortzen da etxean, esaterako, ahoko mina duela eta Nolotil bat hartu duela esanez, eta eske. Ez. Batzuetan asmatzen dute, baina hobea litzateke lehenengo etorri, gure gomendioa entzun eta ondoren hartu beharrekoa hartzea. Beti dago nahi duena egingo duena, baina osasun langile baten gomendioa jaso beharko lukete ezer hartu aurretik». Laguntzeko daudela azpimarratzen du, eta lasai gerturatzeko: «Ez dute beti eskuetan produktu batekin atera behar, eta uste dut horren beldur handia dagoela».

Errezeta elektronikoarekin zaildu egin zaie lana, eta azpimarratu du «osasunari begira» hartutako neurriak direla. «Jendeari asko kostatzen zaio hori ulertzea, eta azkenean, gaiztoak gu bihurtzen gara. Ibuprofeno eta paracetamolarekin asko gertatzen da. Berez, osasunerako onura dira. Konprobatuta dago ibuprofeno 400 miligramokoarekin nahiko dela, eta 600ekoa ezin dugu saldu». Antibiotikoaren kasuan, errezetarik gabe ezin direla eskuratu jendeak dagoeneko ulertu duela argitu du. «Ibuprofenoa da botikarik salduena, eta jende batek oso erraz hartzen du. Ahaztu egiten da efektu desiragaitzak ere badituela, eta ez da ona arinkeriaz hartzea».

Era berean, gaur egun ditugun produktuekin, izugarrizko mina izanez gero, min hori jasaten egon beharrik ez dagoela defendatzen du, baina neurrian dago gakoa, eta: «Botika guztiei izan behar diegu errespetua; beldurrik ez, baina errespetua bai».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!