Koronabirusa

«Prebentzio neurri guztiak betetzen ari dira txinatarrak»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mar. 13a, 08:58
Ane Ayerbe tolosarra, Txinako Hangzhou. ATARIA

Gizartea Koronabirusaz jabetzen hasi zenean Txinan zegoen Ane Ayerbe tolosarra. Bertan bizi da, baina jaioterrian elkarrizketatu dugu, berrogeialdian egon ondoren, bertan babeslekua bilatu baitu. Asiako herrialdera itzuliko da, lanean hasteko.

Duela bi urte pasatxo, Ikus-entzunezko Komunikazioa Gradua amaitu berritan, joan zen Ane Ayerbe (Tolosa, 1995) Txinako Hangzhoun hirira. Txinera ikasten ari zen, eta aldizkari batean lanean hastekoa zen orain. Otsaila, ordea, ez du berehalakoan ahaztuko. Koronabirusaren arriskua zela eta, bi astez berrogeialdian egon zen bertan, eta Tolosara itzuli da hilabete pasatxo egiteko. Segituan itzuliko da Txinara, eta seguru da, jada arrisku handiena igaro delako.

Nola izan zenuen birusaren berri, eta zein izan zen zure lehen erreakzioa?

Mezuen bidez heldu zitzaidan abisua mugikorrera, leku askotik. Horrez gain, unibertsitatean, Gobernuak bidalitako txostenak ere pasa zizkiguten, Koronabirusa hirira heldu zela, eta beraz, klaseak eten egingo zirela ohartaraziz. Beldurra sentitu nuen hasieran, aldi berean informazio eta desinformazio ugari nuelako. Ez nekien benetan zer sinetsi eta zer ez.

Beldur hori areagotzen joan al zen hildakoen kasuak agertu ahala?

Bai. Egia da. Hala ere, Txinan jende ugari bizi da, eta beraz, horrekin alderatuta, kutsatutako pertsona kopurua ez da uste zena bezain altua.

Nolakoa izan zen bi astez berrogeialdian egotea?

Etxera etorri ziren horren berri ematera, eta horrekin batera, orri bat ere eman ziguten. Orri horretan, bi astetan, etxetik bi egunez behin atera ahal genuela abisatzen gintuzten. Gainera, etxetik atera orduko, orri hori entregatu behar genuen, txartel modura. Kontrol bat eramateko metodoa zen. Unibertsitateak itxi zituztenez, klaseak online bidez hasi ziren ematen; beraz, ez nuen arazorik ikasteko. Supermerkatuak ixteko beldurra ere bagenuen; horregatik, batzuetan erosketa nola egin ere ez genuen ondo jakiten.

Erraza izan zen etxetik atera ezinik ibiltzea?

Zaila izan zen. Hirugarren egunean, benetan ohartzen zara egunak 24 ordu dituela, eta ia erdia lo edo deskantsatzen igarotzen duzula. Etxean horrenbeste orduz zaudenean, oso zaila egiten da zerbait produktiboa egitea, ikastea, edota kirola praktikatzea. Etengabeko errutina batean sartzen zara, ia ezer egin gabe. 10 milioi lagun bizi gara Hangzhoun; hortaz, oso arraroak izan ziren egun horiek, kalean ez zebilelako ia inor; supermerkatuetan egoten zen jende gehien.

Prebentzio modura izan zinen bertan, eta behin bi asteak pasata, hona etortzea erabaki zenuen.

Erabakia hartzea zaila izan zen, hona etortzeak kostu ekonomiko bat duelako. Agian, egoerak hobera eginez gero, ez zuen merezi handik hona etortzeak. Hala ere, bisa berritu behar nuenez, handik atera behar izan nuen. Horregatik, opor txiki batzuk hartu eta etxekoengana itzultzea erabaki nuen.

Nola bizi zen Koronabirusaren izua Txinan?

Beldur handia nabari zen. Txinatarrek, baina, alde on bat dute: Gobernuak esandakoari jaramon egiten diote. Harrigarria izaten ari da. Gobernuak emandako prebentzio neurri guztiak ari dira betetzen herritarrak; biak, Gobernua eta herritarrak, oso ondo ari dira portatzen. Hori dela eta, gaixoen kopuruak, baita gaixotzeko arriskuak ere behera egin du.

Ba al duzu kontakturik Txinan?

Bertatik atera ezin izan duten lagunak ditut. Orain, normalizazio prozesu batean dago herrialdea. Birusarekin kutsatutako biktimen tasa jaitsi egin da Hangzhoun, eta beraz, gaixotzeko arriskua txikia da. Jada ez daude berrogeialdian, nahiz eta gune gorriak badiren. Ez dago alarmarako arriskurik. Egoera nahiko kontrolatuta dute, nahiz eta oraindik eskolak eta unibertsitateak itxita mantendu; apirilean irekiko dituzte. Zenbait lantoki eta jatetxe, berriz, ireki dituzte jada.

Zer esan zizuten Tolosara etortzean?

Lagun askok txantxa modura hartzen zuten kontua, baina batzuek bazuten beldur apur bat. Ea proba egin nuen galdetzen zidaten; ez ziren egoeraz guztiz fio. Kasualitatez, ni etorri eta hamalau egunera, kuadrillako lau lagun gaixotu ginen, baina aitortu behar da tartean inauteriak izan zirela, eta ezbeharra ez zela harago joan.

Benetan izua eragiteko moduko kontua da, hala izua azkarregi ari da zabaltzen?

Hedabide desberdinak min handia egiten ari dira, informazio gehiegi ematen ari direlako, eta batzuetan, gainera, ez da benetakoa. Gero, medikuen gomendioak entzuten dituzu, eta ohiko gripe bat bezalakoa dela diote. %3ko hilkortasun tasa du, beraz, ez da ezer larria. Badira Koronabirusa baino gripe eta pneumonia arriskutsuagoak. Birus hau ohiko botika bat hartuta sendatzen da; harrapatuz gero, ez zaigu ezer pasako. Muturreko egoera baten aurrean gaudela dirudi.

Txinera ikasten ari zara, eta lanean hastekoa zinen.

Laster hiru urte beteko dira txinera ikasten hasi nintzela; beraz, esan daiteke, maila on bat lortu dudala. Baina, profesionalki hazteko ere joan nintzen. Horregatik, duela gutxi praktikaldia burutu nuen aldizkarian ariko naiz lanean, editore eta diseinatzaile grafiko modura. Oso pozik nago, ez nuelako aukera hau espero.

Data hauetan hara itzultzea pentsatzen zenuen. Zertan da ideia hori?

Oraingoz online ari naiz lanean, baina bi aste barru itzuli nahiko nuke. Hala ere, berrogeialdian egon beharko dut, lanean normaltasunez hasi baino lehen.

 

ZIFRAK LURRALDEKA

Txina: 80.000tik gora eta 3.000 hildako baino gehiago.

Italia: 12.000 kasu baino gehiago eta 800dik gora hildako.

Iran: 9.000 kasutik gora eta 350 hildako baino gehiago.

Espainia: 2.200 kasutik gora eta 50 hildako baino gehiago.

Euskal Herria: 320 kasu baino gehiago eta 9 hildako.

*Edizioa ixterako eguneratutako datuak.

 

TXINATIK MUNDU OSORA

Iaz, Txinako Wuhan hirian azaldu zen Covid-19 birusaren lehen biktima. Gerora, epidemia honek 125.000 kasutik gora utzi ditu mundu osoan zehar eta ia 5.000 hildako; batez ere, Txinan bertan, Iranen, Korean eta Italian. Espainiar Estatuan eta Euskal Herrian ere badira zenbait kasu, eta hildakoen kopuruak gora egiten jarraitzen du. Eskualdean, oraingoz, ez da kasurik atzeman. Hala ere, bertako herritar asko dira, Ayerbe bezala, Italian nahiz Espainiako herri batean egon ondoren, etxetik atera gabe egon direnak. Gauza bera gertatzen ari da, orain, Gasteizen ikasten ari diren herritarrekin.

Erlazionatuak

«Muturreko egoera baten aurrean gaudela dirudi»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 mar 13 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!