Asuncion klinika

«Inor ez da arduratzen 340 langile baino gehiagoren etorkizunarekin»

Rebeka Calvo Gonzalez 2020ko mar. 12a, 11:59

Ospitaleko langileen gehiengoak kezkaz hartu ditu azken egunetan komunikabideetan azaldu diren hainbat albiste; «kudeaketa kaskarra ez da ospitale berri bat eraikitzearekin konpontzen», esan dute.

Tolosaldeko Asuncion klinikari buruzko lerroburu eta albisteak ari dira zabaltzen azken asteetan. Fiskaltzak abiarazitako ikerketa dute iturburu, baina albiste horren harira, beste hainbat ere zabaldu dira. Informazio jario honek guztiak Asuncion klinikan lan egiten dutenen kezka areagotu besterik ez du egin. Egoera ikusita klinikako LAB sindikatuko ordezkariek, langileen gehiengoak eta hainbat erabiltzailek ere argibide batzuk eman nahi izan dituzte. Asuncioneko enpresa batzordean ELA sindikatuak 5 ordezkari ditu eta LABek 4.

BABESA

Gaia kokatzeko Fiskaltzaren ikerketa ekarri duen salaketa ekarri nahi izan dute gogora. Langile ohi batek jarri zuen salaketa eta langile hori babestu nahi izan dute: «Langile ohi hematologoaren profesionaltasuna baieztatzen dugu. 12 urte baino gehiagoz aritu zen bere lanean zerbitzu desberdinetako buru bezala, Gomez Montoya jaunaren Asuncion klinikako kudeatzailea presiopean lana utzi behar izan zuen arte. Pena handiz utzi zuen eta ez hain boluntarioki, ulertarazi nahi diguten bezala. Beste profesional asko bezala, lan kargak areagotzeak, presioak eta lan egoeraren aldaketek bultzatuta joan zen».

Fiskaltza medikuntzako espezialitate titulua Espainian homologaturik ez dutenen kasuak ari da ikertzen, eta horri buruzko argibideak eman dituzte. Izan ere, titulua homologaturik ez dutenen egoera ez da besteen berbera, esan dutenez. «Ez daude gainontzekoen berdintasun egoeran; ezin dute kexatu amaitezinak diren lanegunak direla eta, izan ere zeregin guztiak bukatzean amaitzen dute laneguna, hau da, ebakuntzak eta ospitaleratuen zein gaixoen bisitak bukatzean, edota geroz eta ugariagoak diren kontsultak amaitzean». Egoera horrek bultzatuta utzi dute hainbat medikuk Asuncion klinika, esan dutenez, «horrez gain, zerbitzu kartera handitu nahi zuten mutua gehiago hartuz eta beste klinika batzuetara joanez», salatu dute.

«HOMOLOGATU GABEKOEN KOPURUA GORANTZ DOA»

Langileen ustez egoera hori «agian ez da irregularra» izango, baina badela «atipikoa» diote, diru publikoarekin aritzen den klinika baita. «Are gehiago, klinikan Osasun sailarekin duen kontzertuan espezialista homologatuei buruzko puntu espezifiko bat dagoela hartu behar da kontuan. Jon Darpon kontseilari ohia, Jon Etxeberria lurralde ordezkaria eta ESI-ko Marisa Merino jakinaren gainean daude. Baina homologatu gabeko espezialista kopurua gutxitu ordez, kopurua gorantz doa, zerbitzuko kopuruak begiratzea besterik ez dago».

Asuncion klinikaren kudeaketa pribatua da, baina zerbitzu publikoa eskaintzen du Tolosaldean, Osasun sailarekin duen kontzertazio edo ituna medio, eta horrek langileen gehiengoaren kezka sortzen du. Kezkak «Eusko Jaurlaritzan, Osasun sailean eta lurralde ordezkariaren aurrean» salaketa jartzera eraman zituen eta azken horrek bi aste eta gero emandako erantzunak «pazienteen segurtasuna eta langileon lan hitzarmena nahasten» zituela salatu dute.

Egoera honek guztiak hainbat mediku Asuncion klinika uztera eraman dituela errepikatu dute, «lan kargak handitzen ari dira lehen zerbitzuetan eta baita arreta espezializatuan ere».

ITXARON ZERRENDAK

Euren iritziz arreta espezializatuak lehen « ondo funtzionatzen» zuen, baina gaur egun espezialistak falta dira, eta horrek itxaron zerrendak luzatzea ekarri du. «Sistemak, bertako langile guztien profesionaltasunarengatik funtzionatzen du, baina garesti ari zaigu ateratzen Osakidetzak Tolosaldean aurrezten duena».

Asuncion klinikan lan egiten dutenen lan baldintzak izan dituzte gogoan, baina baita ere erabiltzaileak: «Denak zerga berdinak ordaintzen ditugun arren, ez gaude beste eskualdeen pare, langile gutxiago ditugu eta lanordu gehiago egiten dituzte. Guzti honek gaixoaren segurtasunean izan dezakeen eraginarekin».

Asuncion klinikan 340 langiletik gora aritzen dira egunero eta horiekin zer gertatuko den galdetzen dute ere, «klinikako langileok beste eskualdekoen lan berdina egiten dugu, baina baldintza prekarioagoetan, osasun publikorako egiten dugun lana ez da kontuan hartzen».

Asuncion klinikako LAB sindikatuko ordezkariek, langileen gehiengoak eta hainbat erabiltzailek mezu garbia eman nahi izan dute: «Osasunaren kudeaketa kaskarra ez da ospitale publiko berri bat eraikitzearekin konpontzen. Eskualdean ditugun arazo guztiak konpondu behar dira, langileena barne».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!