Ura, natura eta klimaz kontzientziatuz, inplikatzea helburu

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko mar. 12a, 09:13

Tolosako Udalak natura eta klimaren gaiak mahai gainean jarriko ditu, eta Uraren Astea eta Asteklima ospatuko ditu martxoan.

Uraren Nazioarteko Eguna da martxoaren 22a, eta horren bueltan, Uraren Astea antolatu du Tolosako Udaleko ingurumen sailak. Horrez gain, hilaren 22tik 28ra Asteklima izango da.

Naturaren eta klimaren egoeraz kontzientzia hartzeko, eta herritarrak sentsibilizatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Uraren Nazioarteko Egunaren aitzakian, hasteko, argazki erakusketa jarri dute. Ura eta naturaerakusketak herritarrengan eragitea du helburu, eta hiru ataletan banatuta dago: ura protagonista duten argazkiak, euskal natur eremuetako argazkiak eta Tolosaldeko eremu naturalen informazioa eta argazkiak.

Ura eta natura ataletako argazkiak Kaiko argazkilari valentziarrarenak dira eta Tolosaldekoak Iñaki Alonso herritarrarenak. Biodibertsitatea ezagutzera eman eta honen hauskortasunaz eta sufritzen dituen arazoez kontzientzia hartzera bultzatuko ditu bisitariak.

Bestetik, ibaiaren garbiketa eta espeleologia irteera egingo dira. Ibaiaren garbiketan, lehen hiru egunetan, ia 300 ikaslek parte hartuko dute. Hilaren 28an, berriz, edonork parte hartzeko aukera izango du, baina ibaiarekin lotura zuzena dutenak ere ariko dira: TAK arraun elkartea, Zumardi Elkartea, Arrantzale taldea, Tolosako Babes Zibila eta iazko garbiketan parte hartu zuen Forest elkarteko kideak.

Nazio Batuak milurteko honetarako zehaztu dituen helburuekin bat egin du udalak. «Azken urteetan Tolosako ibaietako uraren kalitatea asko hobetu bada ere, ibaien ertzek plastikoz beteta jarraitzen dute, eta hori aldatzea ezinbestekoa da», azpimarratu dute udaletik, eta gehitu, «plastikoen erabileran eta horiek ingurumenean duten eraginaz hausnartu behar da».

Akerbeltz-Amarozko Mendi Elkartearekin elkarlanean antolatutako espeleologia irteeran Mendikute kobazuloa ezagutuko dute, igandean. Horretarako, aldez aurretik izena eman behar da 688 727983 telefonoan edo tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidean.

ASTEKLIMA

Euskadiko Klima Aldaketaren Astearekin bat egin du udalak, eta Asteklimaren barruan, kontsumo jasangarrirako aholkuak emango ditu Gorka Egiak, eta bestetik, 6 eta 12 urteko haurrei zuzendutako Ipar Poloa salbatzera goaz! jolas kooperatiboak izango dira, Zerkausian, disko eta liburu azokarekin batera.

URAREN ASTEA ETA ASTEKLIMA

Martxoak 6 - apirilak 5

Ura eta Natura argazki erakusketa, Aranburu jauregian.

Martxoak 15, igandea

09:30.Espeleologia irteera. Urkizuko pilotalekuaren ondoan elkartuko dira. Aurretik izena eman behar da bertan parte hartzeko.

Martxoak 16, 17 eta 18

Oria ibaiaren garbiketa egingo da, ikastetxeekin. Zerkausik Usabalera, eta Santa Maria elizaren atzean.

Martxoak 24, asteartea

18:30.Kontsumo arduratsua sustatzeko aholkuen inguruko hitzaldia izango da, Gorka Egiarekin kultur etxeko areto nagusian.

Martxoak 27, ostirala

18:30. Ipar Poloa salbatzera goaz! jolas kooperatiboak egingo dituzte,

Zerkausian eta berreskuratutako diskoen eta liburuen azoka egingo da, egun osoan zehar Trianguloan. Eguraldi txarra izanez gero, Zerkausian izango da.

Martxoak 28, larunbata

11:00.Oria ibaiaren garbiketa egingo da, Zerkausiko ontziralekuan elkartuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!