M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2020

Hilekoa daukat, eta zer?

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Artolazabal 2020ko mar. 8a, 08:58

Hamabost urte nituela jaitsi zitzaidan lehenengo aldiz hilekoa. Etxean nengoen, eta, kuleroak zikin nituela jabetu nintzenean, amari deitu nion. Beldurra, urduritasuna eta egonezina sentitu nuen. Neska izateari utzi eta emakumeen mundura sartu nintzela esan zidan amak eta jarraian konpresak atera zizkidan. «Hori jarri behar al dut hilero?» eta, «Kirola egin behar dudanean, nola moldatuko naiz?».

Logelako aulkian eseri nintzen, hamaika galderari erantzuna bilatzeko asmoarekin, baina, poztu ordez, tristurak jan ninduen. Kezkatzen ere hasia nintzen hilekoaren inguruan barra-barra zebiltzan usteak egia borobilak izango ote ziren beldurrez: umore aldaketak, sabeleko mina, ezin dela ilea moztu, ezta dutxatu ere… Baina ama eta aita alboan eseri, eta nire kezka guztiak argitzen saiatu ziren: hilekoarekin kirola egin zitekeela edota igerilekura ere joan nintekeela azaldu zidaten orduan.

Garai hartan ez zen ohikoa gai honen inguruan hitz egitea; lotsa ematen zigun. Lagunen artean soilik hitz egiten genuen gai honi buruz, eta haietako elkarrizketa batean tanpoiak zer ziren deskubritu nuen. Eskerrak! A zer asmakizuna! Hondartzara edo igerilekura, bizikletan edo mendian ibil gintezkeen, eroso, eta galtzak zikintzeko beldurrik gabe.

Zoritxarrez, oraindik lehen aipatutako uste ustel asko dabiltza dantzan munduko beste herrialde batzuetan, esate baterako, Nepaleko emakumeek hilerokoa izaten duten bakoitzean, herrialdearen kanpoan dauden txaboletan sartzen dituzte aste batez, gainontzeko jendearekiko kontaktua ekiditeko. Kasu batzuetan txabolak suntsituak izaten dira, eta, ondorioz, basoan uzten dituzte. Afganistanen, berriz, hileroko egunetan dutxatzea edo garbitzea debekatuta dute, gaixotasunak pairatzearen beldur direlako. Beraz, kultura horietako herrialdeetan, oraindik, hilekoaren mitoak gure gizartean baino mila kilo gehiago pisatzen du, eta emakumearen irudia erabat gutxiesten dute.

Zer lasaitua bizi naizen tokian hilekoaz hitz egin daitekeelako, ingurua askea delako, dauzkagun baliabideak erosoak direlako! Horregatik guztiagatik, hilekoa izatea ez da ez oztopo, ezta muga ere, nahi dugun hori bizitzeko eta burutzeko. Are gehiago, aholkutxo bat emango dut: kirola edo jarduera fisikoa egiteak mina arindu eta emozionalki orekatzen laguntzen du. Eta, emakume guztiok hilekoa ez dugunez berdin bizitzen, hileko egunetan min handia jasaten duzuenok, eutsi goiari!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!