Inflexio puntuak

Erabiltzailearen aurpegia Jone Amonarriz 2020ko mar. 6a, 08:58

Bi mila eta hogeigarren urtea borobila zetorren, baina zifraz harago, printzipioz, ertz asko erakusten ari zaigu. Euri gutxi eta lokatz asko. Hankak lurretik bi metrora, denok pozik, denok alai, gaur bai eta bihar ere bai eguzkiak goxatuko gaituelako. «Zortea» deitu diogu otsailak neguari ateak itxi izanari, finean, planeta hau eta gu denon bizitzak pikutara destinatu eta larrialdi klimatikoaren alarmari entzungor egiten ari garen bitartean. Carpe diem. Beharrezkoa bada, aldatuko ditugu urtaroak.

Honetan guztian gure esku zer ote dagoen galdetu izan diogu geure buruari. Baina urtetik urtera kezka eta erantzukizuna areagotu egin zaizkigu. Eta aspaldian hasi ginen autoa partekatzeko ahaleginak egiten, garraio publikoaren erabilera areagotzen, plastikozko poltsak ekiditen, konposta egiten... eta birziklatzen, harategiko bilgarriari papera eta plastikoa bereizteraino.

Herritarron eraginean sinestera iritsi gara, harik eta egun batean gure begiekin aurrez aurre ikusi dugun arte gu denon konpromisoak —urdinak, horiak, marroiak zein grisak— zabor-kamioiaren kontainer berean nola hondoratzen diren. Disgustua gainditzeko, pentsatu dugu balitekeela salbuespen kasu bat besterik ez izatea, eta orduan... orduan zabor-jausi batek errealitate oso bat azaleratu digu —irakurtzekoa den Samara Velteren artikuluaren izenburua erabiliz—.

14 langile hil dira Euskal Herrian urtea hasi zenetik. Horietako bi oraindik lurpean daude, ez dakit zenbat tona zaborren pean. Zaldibarren gertatutakoak zikinkeria asko harrotu ditu eta metafora argi bat utzi digu: sortzen ari garen neurrigabeko zaborrak, botereak eta ustelkeriak pertsonon heriotzak ere eragin ditzake eta dituzte.

Baina guri coronavirusak besterik ez digu loa kentzen. Hainbeste motibo ditugu bertako kontuez kezkatzeko, ezen nahiago dugu globalak diren arazoetan galdu. Egiaz, erosoagoa da. Zergatik ez aitortu. Hortaz, handik eta hemendik jasotzen ari garena erreproduzitzen ari gara, Twitterren, ahoz aho... umoretik bada ere. Eta bat-batean entzuten duzu inguruko farmazia batzuetan maskarak amaitu egin direla eta ohartzen zara masa esanguratsu bat serio ari dela.

Eskuak garbitzearekin nahikoa bada ere, maskara batek salbatuko digu bizitza. Hori da inflexio puntuotatik jaso dugun ondorio nagusia. Honela eragotzi nahi digute prebentziorik eraginkorrena: kontzientzia kritikoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!