Dantzan jarriko dute Tolosa, gizarte hobe bat margotzeko bidean

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mar. 5a, 14:21

Tolosaldea Sahararekin elkarteak, Bizi Dantza ikuskizuna antolatu du, martxoaren 14an, larunbata, Tolosako Leidor Aretoan, 17:00etan. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin batera, Udaberri Dantza Taldeak hartuko du parte, eta bildutako dirua, Oporrak Bakean ekimena finantzatzeko erabiliko dute.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak kanpaina berria jarri zuen martxan otsailean, saharar haurrak, errefuxiatu kanpalekuetatik atera, eta udan, Euskal Herrira hurbildu eta harrera familietan txertatzeko helburuarekin. “Ehun euskal familia behar genituen”, dio Eli Eizagirre elkarteko kideak. Paraleloki, hamaikagarren urtez, Tolosaldean beste aterpe bat jarriko dute martxan, ahalik eta haur gehienek, udara desertutik kanpo eta modu dibertigarrian igaro dezaten.

Saharar herriak 44 urte daramatza deserrian. Horietan guztietan, udaran, 60 graduko tenperaturak izan dituzte, eta hori gutxi ez balitz, elikadura eta ur gutxi dute. “Urtetik urtera, gauzak zailtzen doaz, eta beraz, horrelako kanpainek indar berezia behar dute. Horregatik jarri diogu Bidaia bat baino gehiago izena. Oporrak Bakean egitasmoa bidaia bat delako, baina bidaiaz harago, hona ekartzea, ondo elikatzea, duten anemia eskasa kentzen laguntzea, medikuen bisitak jaso ahal izatea edota kultura nahiz hizkuntza berriak ezagutzea eta ikastea direlako helburu nagusiak.

Bidaia honetan, harrera familia gehiago behar dituzte eskualdean. “Gurekin batera, bidaian parte hartzeko eskaera luzatu nahi dugu. Era berean, datozen hilabeteetan, Tolosaldeko aterpetxea berriro martxan jarri ahal izateko, ekimen desberdinak jarriko ditugu martxan, finantzaketa elkartearen gain etorriko dela kontuan izanda”.

Giza balioen transmisoreak

Finantzaketa hori lortzeko bidean, hilaren 14an, larunbata, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, Bizi Dantza ikuskizun solidarioa eskainiko dute. Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatu du emanaldia, Maiatzak 20 plataformaren laguntzaz, eta Leidor aretoan izango da, arratsaldeko 17:00etan. “Lehenago ere, lan egin izan dugu Joxe Mari Agirretxe Porrotx eta Aiora Zulaika Pirritx pailazoekin, baina modu profesionalean elkarrekin ariko garen lehen aldia izango da”, aipatzen du Agustin Agote elkarteko kideak.

Sarrerak agortuta daude jada, beraz, jendetza bilduko da Leidorren. Agoteren iritziz, “artista handiak dira, zentzu guztietan, baina batez ere, transmititzen dituzten giza balioak nabarmenduko nituzke. Gainera, ez dira bertako biziaz soilik mintzatzen; izan ere, planetako txoko guztietako istorioak eta ohiturak plazaratzen dituzte”. Kasu honetan, mundu honetako beste zati txiki bati egingo diote keinua.

Pailazoek lehen eskutik ezagutzen dute saharar herriaren egoera, saharar errefuxiatu kanpalekuetan ere egon direlako. Dirua biltzea da ekimen honen helburu nagusia, arestian aipatutako aterpetxearen proiektua bizirik mantendu ahal izateko. Baina, ez hori bakarrik. “Ahalik eta haur saharar gehien ekarri behar dugu gure lurraldera. Beraiek dioten bezala: bihotza, burua, eskuak; sentitu, pentsatu, ekin! Denok elkarrekin!”, azpimarratzen du Agotek.

Euskal dantzen eraberritze lanketa

“Herri dantzari bat garela ikusiko dute tolosarrek”, aitortu du Aiora Zulaika Pirritx pailazoak. Leire Bilbaorekin eta Maite Mutuberriarekin batera landutako prozesu baten emaitza da ikuskizuna, eta dantza munduan sustatzaileak izan ziren Jon Maia eta Vanesa Castaño Kukai Dantza Taldeko kideen laguntza ere izan dute. “Euskal dantzen eraberritze lanketa bat egin dugu, doinuei letra jarriz”.

Ez da emanaldi hau egingo duten lehen aldia. Lehenago, gainera, Euskal Herriko herri askotan egin izan dute, eta horietako bakoitzean, tokian tokiko dantza taldeak gonbidatu dituzte eurekin batera oholtza partekatzera. Tolosako emanaldiaren kasuan, Udaberri Dantza Taldeko kideak ariko dira beraiekin batera dantzan. Entseguen prozesuan, asko ikasi dutela aitortzen du Zulaikak. “Herri bakoitza oso anitza den bezala, dantza taldeak ere oso anitzak dira, adin eta izaera oso desberdinetakoak. Plazer handia da guztiekin batera lanean aritzea”.

Tolosaldea Sahararekin elkartearentzat ere izan ditu hitz politak. “Isilpeko lan izugarria egiten dute urte osoan zehar, nahiz eta batzuetan gehiago ikusi eta nabaritu, eta hori aitortu behar zaie”. Azkenik, Zulaikak, erakunde nahiz instituzioei behin eta berriz egoera honen berri emateko eta gauzak errepikatzeko garrantzia nabarmendu du. “Ekinean, egunerokotasunean, saharar herriaren aldeko elkarteek egiten duten lana aitortzea besterik ez zaigu geratzen. Gure kasuan, gure hondar aletxoa jarriko dugu datorren hilaren 14an. Oso pozik gaude, gainera, gizarte hobe bat margotzeko bidean, bozgorailu lan bat egitea dagokigulako. Haurren osasunaz ari gara, baina baita gizarte baten osasunaz, eta nola ez, giza eskubideez”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!