Lehen garaipena bolada txar baten ondoren

Imanol Garcia Landa 2020ko mar. 5a, 15:59

Jaitsiera postuetatik atera da Hirugarren Mailako Tolosa CF-ko taldea, aurkari zuzena den Deustori irabazita.

Aurreko lau partida galdu eta gero, Tolosa CF-ko Hirugarren Mailako taldeak garaipena lortu zuen azken jardunaldian. Partida garrantzitsua izan da, jaitsiera postuetatik ateratzeko balio izan duelako eta hiru puntuak aurkari zuzena den Deusto taldearen aurka lortu dituztelako. «Arnasa hartzeko balio izan du», esan du Ander Avellaneda entrenatzaileak, «buruari freskotasun pixka bat emateko, eta mutilek euren buruan duten konfiantza igotzeko».

Tolosarrek 2-1 irabazi zuten partida. «Lehenengo zatian ez ginen ondo aritu. Azken partidetan, nahiz eta ez irabazi, taldean oso ondo zegoen zelaian eta oso ondo ari zen lehiatzen», esan du entrenatzaileak. «Bigarren zatian oso ondo sartu ziren jokalariak. Gure unerik onenean, penaltia adierazi zuten gure kontra, eta galtzen joan ginen, baina jokalariek ez zuten etsi, sinesten eta lanean jarraitu zuten, eta saria lortu genuen bukaeran».

Avellanedak Hirugarren Mailan markagailuari buelta eman eta irabazteak duen meritua nabarmendu du: «Horrek erakusten du mutilek lanean eta borrokan daramatzatela urte osoan. Aurtengo maila oso gogorra da, eta aurkaria aurretik jartzen denean, buelta ematea oso zaila da. Zoriontzekoa da jokalariek egin zutena».

Azken hiru taldeak jaisten dira denboraldi amaieran, eta orain azken laugarren doa Tolosa CF, 17. postuan, 26 punturekin. Hori bai, 13. doan Real Sociedad C taldea bost puntura dute, eta oraindik 11 jardunaldi falta dira liga amaitzeko. «Maila honek erakutsi du berdintasun handia dagoela», esan du Avellanedak. «Batetik goiko postuetan daudenak, eta gero 12. postutik behera gaudenak borroka handia dugu. Bederatzi partida irabazi gabe izan gara egon ondoren, partida bat irabazi dugu eta jaitsiera postuetatik atera gara. Beraz, lanean jarraitu behar dugu gure helburua lortzeko, hau da, Hirugarren Mailan jarraitzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!