Egitarau zabala osatu du Tolosatzen Eskola Irekiko talde motorrak

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mar. 5a, 11:58

Ikasturteari hasiera emateko ekitaldi berezia, martxoaren 12an izango da, 18:30ean, Zerkausian. Tailerrak, ikastaroak eta topaketak egingo dituzte, zazpi saiotan banatuta. 

Abenduan ikusi zuen argia Tolosatzen Eskola Irekiaren proiektu pilotuak; herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzea sustatzeko abiarazi zuen Tolosako Udalak. «Eskola hau nazioarteko proiektu baten baitan kokatzen da, eta Tolosa aukeratua izan da, esparru honetan bide bat egina duelako, eta proiektu honen baitan kokatu daitezkeen herri esperientziak nahiz herritar eta eragile inplikatu eta aktiboak ere badituelako», diote udaletik.

15-17 laguneko talde motorra osatu zuten urtarrilean, eta ordutik hona, ikasturteko egitaraua lantzen aritu dira, herritarrak gaitasun desberdinetan trebatzeko eta elkar ezagutza sustatu asmoz. «Proiektuak, beraz, elkarlana eta lankidetza ditu oinarri, udalaren, herritarren, herriko talde antolatuen eta eragile desberdinen arteko elkarrizketa eta elkarren arteko loturak sustatzeko helburuarekin».

Osatu duten egitaraua, hiru ardatz nagusitan banatzen da. «Batetik, gure balio sistema indartzeko eta herritarrak alor desberdinetan ahalduntzeko bi tailer antolatu dira. Sendotze soziokomunitarioari begira, elkar ezagutza sustatu eta eragileen sarea indartzeko hiru topaketa ere egingo dira. Azkenik, udalerriaren ezagutzari dagokionez, proiektuak nola prestatu eta diru-laguntzen eskaerak nola aurkeztu azaltzeko tailerra ere egingo da».

Maiatza bitarte iraungo du ikasturteak, eta ekainean balorazio bat egiteko asmoa dute. Edonola ere, aurtengo ikasturteari hasiera emateko, eta egitarauaren berri emateko, ekitaldi berezia egingo dute, hilaren 12an, 18:30ean, Zerkausian. Umorea eta emozioak uztartuz, hitzaldia eskainiko du Virginia Imazek.

Udaletik herritarrak gonbidatzen dituzte ikasturteko ekintza hauetan parte hartzera. Informazio gehiago jasotzeko, edota aipatutako saioetan izena emateko Udatera joan edota gobernantza@tolosa.eus helbidera idatzi behar da. Trebetasun sozialetarako tailerretan parte hartzeko, beharrezkoa da aurretik izena ematea, gehienez ere 20 lagunentzako saioak izango direlako. Urrian 2020-2021 ikasturteko egitaraua lantzeari ekingo die, datozen urteetan ere martxan jarraitzea baita asmoa.

Tolosatzen Eskola Irekia 2020 egitaraua:

Martxoak 12, osteguna. 18:30. Umorea eta emozioak. Ikasturteari hasiera emateko ekitaldia, Virginia Imazekin.

Martxoak 17, asteartea. 17:30-20:00. Elkarte eta taldeen arteko topaketa, kultur etxeko areto nagusian.

Martxoak 24, asteartea. 17:30-20:00. Elkarte eta taldeen arteko topaketa, udaletxeko pleno aretoan.

Apirilak 16, osteguna. 16:00-20:00. Entzute aktiboari eta enpatiari buruzko tailerra (gehienez, 20 lagun), kultur etxean.

Apirilak 23, osteguna. 16:00-20:00. Entzute aktiboari eta enpatiari buruzko tailerra (gehienez, 20 lagun), udaletxeko pleno aretoan.

Maiatzak 16, larunbata. 9:00-13:00. Denboraren kudeaketa eta konpromisoari buruzko tailerra (gehienez 20 lagun), kultur etxeko areto nagusian.

Maiatzak 28, osteguna. 16:00-20:00. Proiektuak nola prestatu eta diru-laguntzen eskaerak nola aurkeztu azaltzeko tailerra, kultur etxeko areto nagusian.

Maiatzak 30, larunbata. 9:00-13:00. Denboraren kudeaketa eta konpromisoari buruzko saioa (gehienez, 20 lagun), kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!