'Sartaldera' eta 'Uzturreko ezkutalekua' sarituko dituztela iragarri dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 4a, 12:11

Tolosako Udalak antolatzen duen mendiari buruzko film laburren lehiaketa, Alex Areizagaren Sartaldera lanak irabazi du. Eskualdeko lanik onenaren saria Uzturreko ezkutalekuak irabazi du, Iñaki Alonsoren eta Adei Tolosaren film laburrak. Astelehenean egingo dute sari banaketa.

Mendi Tourren 10. edizioa martxoaren 9an, 10ean eta 11n izango da, Tolosako Leidor aretoan. Bertan mendiari buruzko filmak ikusiko dira, eta aurkezpen ekitaldian azaldu dutenez, ez dira nolanahikoak izango. "Tolosan, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiko pelikula onenak erakusten ditugu. Azken edizioko sarituen maila bikaina izan da, beraz, Tolosako Mendi Tourrak osagarri ezin hobeak izango ditu". 

Mendi Tourraren 10. ediziorako sarrerak dagoeneko salgai daude Leidorren. Iaz, 1.600 ikusle izan ziren; eguneko 500 ikusletik gora. Filmak jatorrizko bertsioan eskaintzen dira, azpitituluen laguntzarekin. Saioak, Mendi Filmeko ordezkariek aurkeztuko dituzte. 

Mendi Tourren harira, Tolosako Udalak film laburren lehiaketa antolatzen du, mendia ardatz hartuta. Aurten, zortzi lan aurkeztu dituzte eta Sari Nagusia Sartaldera lanarentzat izan da. Alex Areizaga zuzendaria Leidorren izan da saria jasotzen. Zumarragan jaio eta Gabirian bizi den mendizaleak azaldu duenez, maitasun historia baten kontaketa da Sartaldera. Epaimahaiaren arabera, "gaia originala da, kontatzeko era ausarta eta edizio aldetik txukuna. Lokuzioak eta musika hautaketarekin oso ondo asmatu du. Lan txukun eta orekatua da".

Tolosaldeko egiletza dun lan onenaren saria, aldiz, Iñaki Alonso eta Adei Tolosaren lanak irabazi du, Uzturreko ezkutalekua izenekoak. Tolosarren lanaren inguruan ondorengoa azaldu du epaimahaiak: "Aktibitate originala da. Grabaketak lur azpian egiteak zailtasun handiak ditu, eta txukun burututa dago. Erritmo ona du, eta kontatzen den istorioa erakargarria da. Arrisku bat du, hori bai: leku ezagun bat, ezagunegi egitea. Baina disfrutatu dezala jendeak!".  

EGITARAUA

Martxoak 9, 19:30ean

Tolosako mendiko film laburren lehiaketako irabazleak. Saria jasoko duten bi filmak proiektatuko dira.

'Harria Herria'. Iraupena: 7'. Euskal Herrian ekoitzitako filma. Gautegiz-Arteagako Andrabide harrobiko hormetatik zintzilik jarriko dira lau eskalatzaile emakume, musikaren erritmora dantza egingo dutenak. Azken Mendi Film zinemaldian sail ofizialeko saria jaso zuen.

'Cholitas'. Boliviako bost emakume indigenek Aconcagua mendira igotzea izango dute erronka. Beraien cholita jantziak erabiltzen dituzte mendian ere. Euren identitatearen aldarria egiten dute. Azken Mendi Film zinemaldian epaimahaiaren saria jaso zuen.

Martxoak 10, 19:30ean

'Nebula'. Iraupena: 13'. Reuben Krabbe argazkilari-artista kanadiarrak natura-kirol argazki sinesgaitzak sortzeko ahalmena du. Kasu honetan, ia ezinezkoa den argazki bat bilatuko du. Azken Mendi Film zinemaldian film onenaren saria jaso zuen.

'Manaslu'. Iraupena: 100'. Hans Kammerlander alpinistaren historia. Manaslu mendia igo zuen 2017an, Stephan Keck lagunarekin batera, eta eskietan osatu zuten jaitsiera, bide berri bat zabalduz. Filmak Kamerlanderen lorpen eta galera handienak dakartza gogora. Azken Mendi Film zinemaldian ikusleen saria jaso zuen.

Martxoak 11, 19:30ean

'Eskalada Jasangarria Gipuzkoan'. Iraupena: 15'. Gipuzkoako hainbat eskalada eskoletan jorratutako lana. Hainbat eskalada gunetan berrekipatze eta mantentze lanak arrakastaz burutu dira alde guztietako eragileen lanari esker. Ingurumena, kirol jarduera eta jasangarritasuna uztartzen dituen proiektu eredugarria. Espainiako Mendi federazioak ingurumen saria eman dio proiektuari.

'Treeline'. Iraupena: 40'. Nevada, Columbia Britainiarra eta Japoniako basoetan barrena egindago hasunarketa bidaia. Pelikularen arima zuhaitzak dira, haien arteko interkomunikazioa. Natura sentitzera eta ulertzera eramaten du ikuslea. Azken Mendi Film zinemaldian sari nagusia jaso zuen.

'Home'. Iraupena: 45'. Londresetik abiatuta, Sarah Outen gazte britaniarrak munduari bira eman nahi zion kayakez, bizikletaz eta itsas txalupaz, motordun gailurik erabili gabe. Bizi-gina, umorea, hausnarketa, une goxo, borroka, zorion eta sufrimendu tarteak nahastuko dira 32.000 kilometrotik gorako abenturan. Azken Mendi Film zinemaldian kirola eta abentura film onenaren saria jaso zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!