Dendetako maukak kalera aterako dituzte larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 4a, 19:57

Braderie azoka hartuko du Tolosak larunbatean; produktuak merkeago erosteko aukera izango da.

Tolosa&Co Tolosako komertzio txikien elkarteak antolatuta, Braderie azoka izango da larunbatean. Kaleak eta saltokietako kanpoaldeak eskaintzaz betetzen dituen azoka honetan, 67 saltokik hartuko dute parte egun osoan, 10:00etan hasi eta 20:00ak bitarte.

Beste urteetan bezala, saltoki gehienetako arduradunek denden kanpoaldean kokatuko dute euren produktuekin osatutako postutxoa. Batzuek euren denda kokatzen den kokagunean bertan jarriko dute postutxoa, eta nukleo komertzialetik urrutiago daudenak Triangulo plazan jarriko dutela azaldu dute elkartetik. Postu horietan jarriko dituzten produktuak stockean dituztenak dira, eta ohikoa baino prezio merkeagoan eskainiko dituzte.

EGITARAU BEREZIA

Tolosa&Co elkarteak dioenez, Braderie «Tolosako saltoki txikien festa handia izatea nahi da». Horregatik, egunak festa kutsua har dezan, egitarau berezia prestatu dute elkartetik larunbaterako. «Etxeko txikienentzako ekintzak ere antolatu ditugu, guraso eta helduek komertzio txikian kontsumitzearen aldeko filosofiara hurbildu ditzaten», azaldu dute.

Hala, 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 20:00etara Haur Txokoa jarriko dute Trianguloa plazan. Bertan, parkea, arpegiak margotzeko tailerra, eskulanak eta puzgarria jarriko dituzte.

Arratsaldean, 17:00etatik 18:30era, Tolosako Erraldoien eta Buruhandien konpartsa ibiliko da Tolosako kaleetan zehar. Plaza Berrian hasiko dute ibilbidea, eta Errementari kaletik, Trianguloatik, San Frantzisko pasealekutik, Gernikako Arbolatik, Foru Etorbidetik, Nafarroa Etorbidetik eta Oria kaletik igaro ostean, Emeterio Arresera iritsiko dira.

Tolosa&Co elkartetik «komertzio txikiak Tolosari ematen dion bizitza» nabarmendu dute. «Estali gabeko merkatalgune atsegina da Tolosa, inoiz ez geldi ez isilik egoten ez dena». Horregatik elkarteak herrira gerturatu eta komertzio txikian kontsumitzeko hautua egitera gonbidatu ditu herritarrak, «bai Braderie festan, bai eta beste egun guztietan ere».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!