Mendi irteerak, datozen bi asteburuetarako

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mar. 3a, 11:57

Ermittia kobazuloa bisitatzeko aukera izango da, larunbatean, Oargi Mendi Elkartearekin. Alpino Uzturrek, berriz, hilaren 15erako antolatu du irteera.

Oargi Mendi Elkarteak irteera antolatu du Debako Ermittia kobazulora, larunbatean. Martxoaren 14an ziren joatekoak, baina data aurreratu dute. 08:00etan aterako dira Tolosatik, eta Mendarotik Lasturrera doan errepide ondoan utziko dutela autoa azaldu dute. Bertatik sarrerara 5 minutu inguru daude. Ondoren, kobazuloa inguratuko dute, 4-5 orduko ibilbidea eginez.

Antolatzaileen arabera, ez da oso ibilbide teknikoa. «Hiru rappel egin behar dira, eta 15 metroko soka bat igo. Hori dela eta, progresio bertikaleko aparatuak, kaskoa eta buruko linterna eramatea eskatzen dugu», esan dute. Izena emateko, 688 698 642 telefono zenbakira deitu edota oargimendi@gmail.com helbidera idatzi behar da, osteguna baino lehen.

Alpino Uzturre Mendi Elkarteak, bestalde, hilaren 15erako antolatu du irteera, Errioxara. San Frantzisko eliza paretik abiatuko da autobusa, 07:30ean. Galbarruli herritik abiatuta, Obarenes mendikateko Peñalrayo (956 metro) mendia igoko dute. 8 kilometroko ibilbidea burutuko dute, eta amaitzean, Cuzcurrita del Rio Tiron herriko Bohedal upategia bisitatuko dute. Best of Wine Tourism saria eman zioten 2019an upategi honi.

Bisitaz gain, ardo dastaketa eta bazkaria ere egingo dituzte; bazkariko menua zehaztuta dute dagoeneko. Informazio gehiago jaso edo izena eman nahi dutenek, alpinouzturre.eus webgunea bisitatu, info@alpinouzturre.eus helbidera idatzi edota 943 65 27 89 telefono zenbakira deitu dezakete. 50 eurokoa da prezioa, autobusa eta bazkaria barne.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!