Aurten, igandez ospatuko da Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Horren harira, hainbat ekintza antolatu dira Tolosan, hilaren 4tik 24ra bitarte. Tolosako Udalak, Tolosaldeko Asanblada Feministak eta eskualdeko hainbat eragile, talde eta norbanakorekin elkarlanean antolatu dute egun horren bueltako egitaraua. Besteak beste, mahai inguru bat, erakusketak, antzerki eta zinema saioak, liburu baten aurkezpena, hitzaldiak, martxa morea eta manifestazioa izango dira.
Gero eta indar handiagoa duen eguna da Martxoaren 8a, berdintasun errealaren aldeko borrokan, pisu handiagoa duena. Olatz Peon Tolosako alkateak adierazi duenez, «azken urteotako Martxoaren 8ak mugarri izan dira, indarkeria matxistaren eta desoreken aurka. Emakumeok planto egin dugu, ozen, aldarrikapenak eginez, emakume guztiok bat eginda, indarrak batuz, gure eskubideen defentsan».
Peonen esanetan, «Emakumeen Nazioarteko Eguna, orain arteko lorpenak ospatzeko eguna da, baina bereziki aldarrikapenak egitekoa, oraindik ere bide luzea dugulako egiteko berdintasunaren alde». Aldarrikapenetatik harago, «konpromisoak hartu eta berresteko eguna ere bada, berdintasunaren balioetan oinarritutako kultura eta gizartea sustatzeko, baita herri berdinzaleago bat lortzeko ere».
Ikuspegia zabaltzeko asmoa
Tolosako Udalak urteak daramatza berdintasun politikak sustatzen eta emakumeen ahalduntze pertsonalerako eta kolektiborako programa eta proiektu ezberdinak garatzen. Hala, Tolosako Udalak berdintasunarekin duen konpromisoa sendotzen jarraituko duela azpimarratu du Peonek. «Genero zeharkakotasuna barne kulturan txertatzen jarraituko dugu, politika publikoen diseinuan eta garapenean ikuspegi feminista barneratua egon dadin. Berdintasunaren, parekidetasunaren eta kontziliazioaren alde lanean jarraituko dugu, gizarte honetan, emakumeok merezi dugun eta dagokigun lekua eta errekonozimendua izan dezagun». Ikuspegi hori zabaldu eta gizarte klasearekin, adinarekin, orientazio sexualarekin, etniarekin, aniztasun funtzionalaren edota erlijioarekin lotutako ezberdintasun ezak ere landuko ditu udalak.
«Emakumeek, inolako genero mugarik gabe, haien etorkizuna erabaki eta eraikitzeko duten eskubidea» aldarrikatzen du alkateak. «Oraindik ere egiteko dugun bide hori, elkarrekin egin behar dugu, ezinbestean, emakumeok bat eginda, gizartean benetako aldaketak eragiteko eta lortzeko». Bide horretan kokatzen da aurtengo Martxoaren 8rako antolatu den egitaraua ere. Egitaraua osatzerakoan, kontuan izan dituzte Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministan eztabaidatu eta hausnartu ziren hainbat gai.
M8 EGITARAUA
MARTXOAK 4, ASTEAZKENA
19:00. Kolonialismoa-Arrazakeria-Feminismoa mahai ingurua, kultur etxean. Parte hartzaileak: Ana Sanz (Tolosaldeko Asanblada Feminista), Emilia Larrondo (Mujeres del mundo), Liz Quintana (Mujeres No Domesticadas) eta Silvia Agüero (Plataforma Rosa Cortés por la Memoria Gitana). Moderatzailea Eider Olazar.
MARTXOAK 6, OSTIRALA
20:30. Erlauntza antzezlana, Leidorren.
MARTXOAK 7, LARUNBATA
16:30. Martxa Moreak, Anoetako plazarantz.
17:00. Zutabe feministen elkarretaratzea Batumore Batukadarekin.
19:00. Elkar ezagutze dinamikak. Ondoren, Batupoteo morea Anoetan.
21:00. Afaria Anoetan.
MARTXOAK 8, IGANDEA
12:00. Manifestazioa Josi ta josi, Tolosaldea feminista lelopean, Trianguloan hasita.
19:30 eta 22:00. Mujecitas filma Leidorren.
MARTXOAK 10, ASTEARTEA
19:00. Bigarren sexua: orain da atzokoa liburuaren aurkezpena, kultur etxean. Irene Arraratsekin eta Uxue Alberdirekin.
MARTXOAK 11, ASTEAZKENA
19:00. Nuria Alabaoren Estrategias feministas contra la Neocropolítica y Neofascismo hitzaldia, kultur etxean.
MARTXOAK 17, ASTEARTEA
19:30. Zauriak dokumentala, Topic-en.
MARTXOAK 24 ASTEARTEA
19:00. Zinegoak proiektuko laburmetraien emanaldia, Topic-en.
MARTXOAREN 6TIK APIRILAREN 20RA
Virginia Gil Cousoren Bakardadeak erakusketa, Zerkausian.
MARTXOAREN 9TIK APIRILAREN 9RA
Iñaki Vergararen Emakumea kirolari erakusketa, Usabal kiroldegian (Udal Kirol Zerbitzuaren eta Kirolzer-en laguntzarekin).