Asuncion klinika

Sendagileen elkargoak dio Asuncion klinikako medikuen jarraipena egiten duela

Ataria 2020ko otsailaren 27a

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko egoitza.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialak zehaztu nahi izan du Tolosako Asuncion klinikan lan egiten duten mediku guztiek "medikuntza homologatuko titulua" dutela Espainian, beraz "medikuak dira".

Duela egun batzuk zabaldu zen Gipuzkoako Fiskaltzak ikerketa bat abiarazi duela Asuncion klinikan lanean ari diren medikuen egoera aztertzeko.  Izan ere, atzerriko medikuak ari dira lanean bertan, baina ez dute Espainian homologatutako espezialista titulurik.

Informazio horren harira, Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialak argitu nahi izan du ezagutzen dutela Asuncionen bizi den egoera, "elkargo honek dituen eskumenen barruan, horren jarraipena egin dugu". Era berean, Tolosako klinikan lanean ari diren mediku guztiek Espainian medikuntza homologatuko titulua dutela esan nahi izan du; "guztiak daude elkargokide gisa izena emanda, eta lege ikuspegitik, mediku gisa jardun dezakete". "Beste kontu bat da Europako Batasunetik kanpoko medikuek espezialista titulua homologatuta duten ala ez", gaineratu du.

Fiskaltza intrusismo ustezko delitu bat da ikertzen ari dena, eta horren aurrean elkargoak esan du jurisprudentzia jarraitzen duela, eta legeak dioena ere gogoratu du: "Egia da  medikuntzan edo medikuntza-titulua ez duen edozein espezialitatetan diharduenak intrusismo-delitua egiten duela, kasurik larrienean. Ondorio bera, medikuntzan tituluduna izanik, titulaziorik gabeko espezialitate batean diharduenari dagokionez. Beraz, espezialitate bat legez aitortu gabe betetzen duten medikuek ez lukete intrusismo deliturik egingo".

Osasun Ministeriori dagokio

Asuncion klinikako arduradunek argitu bezala, bertan lan egiten duten medikuek euren tituluak Espainian homologatzeko zain daude. Horren harira, argitu nahi izan du homologatze hori ez dagokiola elkargoari, Osasun Ministerioari baizik. "Elkargoak hala eskatzen duten profesionalak erregistratzen ditu elkargokide gisa, medikuntzan lizentziatu tituluaren jabetzan egotea baldintza bakarra izanda", esan du.

Elkargoaren betebeharretako bat zein den azaldu du: "Mediku guztiek legea bete dezatela zaintzea da gure betebeharretako bat, erantzukizun zibileko aseguruari dagokionez, betetzen duten jardueraren araberakoa izan behar baitu; edo Espainian espezialista titulazioa homologatua ez badute, halakotzat iragarri edo aurkeztu ez daitezen zaintzea".

Bukatzeko esan du, elkargo kideen datuak publikoak direla. Gipuzkoako elkargokide medikuen datuak www.comgi.eus helbidean ikusi daitezke, eta Espainiako Estatuko elkargokideenak www.cgcom.es webgunean.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!