Mendia, abentura, kirola eta natura, Leidorreko pantailan

Irati Saizar Artola 2020ko ots. 27a, 09:59

Martxoaren 9tik 11ra X. Mendi Tour ospatuko da Tolosan. Hiru egunetan nazioarteko zazpi film proiektatuko dituzte; Leidorren eros daitezke sarrerak nahiz bonuak.

Hamargarren edizioa beteko du aurten Mendi Tourrek, Tolosan. Leidorreko pantaila handian, mendiko zinemagintza ikusteko aukera izango da martxoaren 9, 10 eta 11n. Aurten ere, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiko pelikula onenak ekarriko ditu eskualdera Mendi Tourrek.

Mendia, abentura, muturreko kirolak, ingurumena eta natura biltzen dituen plaza bilakatuko da Leidor aretoa. Guztira zazpi film ikusteko aukera izango da hiru egunetan. «Badira mendi munduko izar batzuk aurkezten dituzten filmak, baina hortik haratago hausnarketarako bide ematen duten beste hainbat pelikula ere biltzen ditugu», azaldu du Aitor Elduaien antolakuntzako kideak.

Hamargarren edizioarekin «jendearengan ohitura bat sortuta» dagoela dio Elduaienek. Duela 13 urte sortu zen Mendi Film zinemaldia, eta hiru urte geroago hasi zen Mendi Tour. Tolosa izan zen zirkuituaren «ama pontekoa», izan ere, Tolosan ospatu zen lehen Mendi Tour jaialdia.

Azken hamarkadan hutsik egin ez duen hitzordua izan da askorentzat, zinemagintzak eta mendiak bat egiten duten unea. «Harrera oso ona izaten du Tolosan, eskualde eta eskualdetik haragoko jende asko erakartzen baitu». Iazko edizioan, esaterako, 1.600 ikuslek gozatu ahal izan zuten Leidorren mendiaz eta zinemaz.

Egunero izango da gonbidaturen bat pelikulez hitz egiteko. Esaterako, lehen egunean, Harria Herria filmeko Janire Etxabe zuzendaria eta Cholitas filmeko zuzendari ondokoetako Pablo Iraburu izango dira; eta hirugarren egunean, berriz, Tetxus Barandiaran Gipuzkoako Mendi Federazioko kudeatzaileak hartuko du hitza Eskalada Jasangarria Gipuzkoan filmaren inguruan aritzeko.

Aurtengo edizioa, iaz bezala, Tolosako Udalak eta Tolosa Gasak babestu du, Zineuskadi-ren laguntzarekin. Saioak 19:30ean hasiko dira, eta sarrerak 5 eurotan jarriko dituzte salgai Leidorreko leihatilan. Hiru egunetako bonoa, aldiz, 12 eurotan lortu ahalko da. Film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin lagunduta.

FILM LABURREN LEHIAKETA

Mendi Tour zirkuitua irekitzen lehenak, Mendi Tour Tolosa lehiaketan irabazleak izan diren bi film laburrak izango dira.

Martxoaren 4an egingo dute ekimena aurkezteko agerraldia eta orduan emango dituzte jakitera saridunak nortzuk izan diren. 600 euro eskuratuko ditu sari nagusia bereganatzen duenak, eta lan tolosar onenak 400 euroko saria izango du. Guztira, zortzi lan aurkeztu dituztela aurreratu du Elduaienek, eta tartean badira tolosarrek egindako lanak.

 

EGITARAUA

Martxoak 9, 19:30ean

Tolosako mendiko film laburren lehiaketako irabazleak. Saria jasoko duten bi filmak proiektatuko dira.

'Harria Herria'. Iraupena: 7'. Euskal Herrian ekoitzitako filma. Gautegiz-Arteagako Andrabide harrobiko hormetatik zintzilik jarriko dira lau eskalatzaile emakume, musikaren erritmora dantza egingo dutenak. Azken Mendi Film zinemaldian sail ofizialeko saria jaso zuen.

'Cholitas'. Boliviako bost emakume indigenek Aconcagua mendira igotzea izango dute erronka. Beraien cholita jantziak erabiltzen dituzte mendian ere. Euren identitatearen aldarria egiten dute. Azken Mendi Film zinemaldian epaimahaiaren saria jaso zuen.

Martxoak 10, 19:30ean

'Nebula'. Iraupena: 13'. Reuben Krabbe argazkilari-artista kanadiarrak natura-kirol argazki sinesgaitzak sortzeko ahalmena du. Kasu honetan, ia ezinezkoa den argazki bat bilatuko du. Azken Mendi Film zinemaldian film onenaren saria jaso zuen.

'Manaslu'. Iraupena: 100'. Hans Kammerlander alpinistaren historia. Manaslu mendia igo zuen 2017an, Stephan Keck lagunarekin batera, eta eskietan osatu zuten jaitsiera, bide berri bat zabalduz. Filmak Kamerlanderen lorpen eta galera handienak dakartza gogora. Azken Mendi Film zinemaldian ikusleen saria jaso zuen.

Martxoak 11, 19:30ean

'Eskalada Jasangarria Gipuzkoan'. Iraupena: 15'. Gipuzkoako hainbat eskalada eskoletan jorratutako lana. Hainbat eskalada gunetan berrekipatze eta mantentze lanak arrakastaz burutu dira alde guztietako eragileen lanari esker. Ingurumena, kirol jarduera eta jasangarritasuna uztartzen dituen proiektu eredugarria. Espainiako Mendi federazioak ingurumen saria eman dio proiektuari.

'Treeline'. Iraupena: 40'. Nevada, Columbia Britainiarra eta Japoniako basoetan barrena egindago hasunarketa bidaia. Pelikularen arima zuhaitzak dira, haien arteko interkomunikazioa. Natura sentitzera eta ulertzera eramaten du ikuslea. Azken Mendi Film zinemaldian sari nagusia jaso zuen.

'Home'. Iraupena: 45'. Londresetik abiatuta, Sarah Outen gazte britaniarrak munduari bira eman nahi zion kayakez, bizikletaz eta itsas txalupaz, motordun gailurik erabili gabe. Bizi-gina, umorea, hausnarketa, une goxo, borroka, zorion eta sufrimendu tarteak nahastuko dira 32.000 kilometrotik gorako abenturan. Azken Mendi Film zinemaldian kirola eta abentura film onenaren saria jaso zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!