Maila handiko finalak izango dira VIII. Ogi Berri Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 19a, 19:58
Argazkia: 'Agerremedia.com'

Jubenil, etorkizuneko eta elite mailan jokatuko dira, igande honetan, Beotibar pilotalekuan.

Migel Soroa Oroimenezkoaren VIII. Ogi Berri Txapelketaren finalak iritsi dira. Igande honetan izango dira, Zaldunita egunez, Tolosako Beotibar frontoian, 16:30etik hasita. «Txapelketa oso ona» atera dela esan du antolatzaile lanetan ari den Anizeto Lazkanok, eta parte hartu duten pilotarien kalitate handia nabarmendu du: «Saiatzen gara maila bakoitzeko pilotari onenak ekartzen; gero, nahiz eta denak ezin etorri, ordezkatzeko ere ahal izan ditugun onenak bilatu ditugu. Ikustea besterik ez dago zein diren finalistak, une honetan dauden pilotari onenak».

Jubenil mailako finalarekin hasiko da jaialdia. Hormaetxe bizkaitarrak eta Sudupe tolosarrak aurrez aurre izango dituzte Astigarragako Lizeaga anaiak. «Hormaetxe oso aurrelari polita da eta Sudupek oso lan txukuna egin du txapelketan», esan du Lazkanok. «Lizeaga anaietako bat kadete mailakoa da, eta biak 1,90 metrotik gorako mutilak dira. Oso ezagunak egin dira azkenaldian erakusten ari diren kolpearengatik. Atzeko koadroetara eramaten badute lehia, euren alde eror daiteke garaipena».

Etorkizunekoen mailan Unai Alberdi azpeitiarra, profesionaletan dabilenaren anaia, eta Apezetxea goizuetarra batetik, eta Senar ataundarra eta Morgaetxebarria bizkaitarra bestetik ariko dira lehian. «Alberdi oso momentu onean dago eta badirudi beraiek izan daitezkeela pixka bat faboritoagoak, baina nik uste dut nahiko parekatua izango dela finala», zehaztu du Lazkanok.

Elite mailan Labaka eta Telletxea albizturtarrek aurkari izango dituzte Zubizarreta ataundarra eta Uriondo bizkaitarra. Astebete atzeratu behar izan dituzte finalak, egun hauetan bi pilotari hauek Kalifornian baitaude. «Labaka oso maila altuan dago. Nik esango nuke profesionaletan badaudela berak baino gutxiago jokatzen dutenak. Bikote oso sendoa egin dute Albizturko biek». Aurrean dituztenak, baina, maila handikoak direla nabarmendu du Lazkanok: «Zubizarreta eta Uriondo denbora gutxian profesionaletan debuta egingo dute Baikorekin, eta pixka bat faboritoago ikusten ditut. Baina, gero jokatu egin behar da, eta garbi dago irabazten dutenek galtzak bete lan egin beharko dutela igandean».

Sarrera ona izango dela uste dute antolatzaileek, besteak beste, finalerdietako bi jardunaldietan izandako jende kopurua kontuan hartuta. Pilotarien mailak ere erakarriko du pilotazalea. Kontuan hartu behar da aurten debuta egiteko dauden Zubizarreta eta Uriondoz gain, Lizeaga anaiek, Unai Alberdik eta Morgaetxeberriak hitzarmenak dituztela Baikorekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!