Inauterien atarian lana dagokiola badaki, eta urteek aurrera egin ahala lana eta parranda uztartzea geroz eta zailagoa dela ere. Hala ere, urteekin lehentasunak aldatzen direla arazorik gabe aitortu du. Zaldunita “egunik potenteena” espero dute; eguraldiak, hala ere, bere eragina izaten du, baita gozogintzaren negozioan ere. Elkarteetan mahaiaren bueltan bazkari eta afarien postrerako eskari bereziak izaten dituzte: “Errazena postrea enkargatu eta mahai gainean jarri eta listo. Postrea moztuta eta dena eskatzen dute azken aldian! Geroz eta errazago, hobe!”, dio barre artean Anselmo Ibañezek.
Ogi lantegiaren ateak bostak aldera zabaltzen badira ere, Inauterietan, data berezietan aurretik irekitzen dira: goizaldeko ordu biak aldera. Ordutegira ohitu egiten al den galdetuta, bere erantzuna: “Jendeak esaten dit bai, 'zu ohituta egongo zara', baina lo egiteko aukera dudanean, lo ederki egiten dut”.
Ohiturak Ibañez-Gozonarenean luze jo dute. Izan ere, 108 urteko historia dute atzean. Eta Anselmo Ibañezek berak txiki-txikitatik pastel usaina gertuan izan du: “Beti eskua botatzera gerturatzen ginen”. Gozogintza gustuko izatea ezinbestekotzat jotzen du: “Gure lana munduko onena da, baina beste gauza askotan bezala, alde onak eta txarrak ditu; lan kreatiboa da, gainera”.
Aitona karrotxo batekin barkillo eta izozkiak saltzen ibiltzen zenetik, garaiekin batera berritzen eta bere burua berrasmatu duen enpresa de Ibañez-Gozona. Eskaintza berritzen joan den heinean, bezeroen eskakizunak ere berritzen joan dira: “Kalitatearen bidea hartu dugu guk, gurera etortzen dena kalitatea erosiko duela badaki, produktu artisaua”, laburbiltzen du Anselmo Ibañezek.
TAILERRAK
Ogi lantegia goizez baino martxan ez dutenez, arratsaldetan probetxua ateratzeko ekimenez sortu ditu Ibañez-Gozonak tailer ezberdinak. Urrian hasi eta hostorea, ogia, errege opila, ogia zaharrekin aprobetxamendu platerak prestatzen... irakatsi dute. Norberak etxean errepikatzeko moduko errezetak dira, tresneriarik gabe. Imanol Zubelzu sukaldariarekin proposamenari tiraka martxan jarri dituzte. “Kafe-tertulia” bilakatu eta emaitzarekin oso pozik daude eta eskatu eta eskatu ari zaizkienez, hilero tailer berriak prestatzen ari dira.
Martxoan berriro ere ogia egiteko tailerra prest izango dute. Izena emateko aukera dago: 943 650539 / 626 394984 telefono zenbakietan.