Gizarte zerbitzuen gida irakurterraza argitaratu du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 14a, 16:01

Iazko apirilean banatutako Gizarte Zerbitzuen Gida osatzeko helburuz prestatu dute. Sei hizkuntzatan kaleratu dute eta zazpi atal ditu.

"Gizarte babesa bermatzea lehentasunezko gaia da guretzat. Ildo horretatik udaletik herritarri eskaintzen dizkiegun zerbitzu guztien berri ematea eta horiek herritarrengana gerturatzea ezinbestekoa" dela esan du Olatz Peon Tolosako alkateak argitaratu berri duten gizarte zerbitzuen gida irakurterrazaren aurkezpenean.

Herritarrek gertuen duten erakundea da udala eta bertan egiten da gizarte zerbitzuen beharra duten herritarren lehen diagnosia, horregatik jarri dute azpimarra gida horretan. "Herritar bat gizarte zerbitzuetara joaten denean, lehen diagnosia egin eta eskura dituen zerbitzuen berri ematean zaio; eskumenen arabera, zerbitzu batzuk udalak berak ematen ditu edota beste erakunde batzuek, Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak, esaterako", esan du alkateak.

2019ko apirilean banatu zuten etxez etxe Gizarte Zerbitzuen Gida, baina Tolosatzen prozesuari esker konturatu dira herritarrek zalantzak dituztela eskaintzen diren zerbitzu, laguntza edota prestazioen inguruan, eta horregatik eman nahi izan dute pauso bat gehiago. 

Horiek horrela, gida irakurterrazaren helburua da "baliabide guztien aurkezpen laburra" egitea. Gida gizarte eragileei banatu diete eta herritarrek udal eraikinetan edota webgunean eskuratu dezakete.

Gizarte zerbitzuetako saila 8 profesionalek osatzen dute, eta pertsona zein familia batek laguntza behar duenean, lehenengo hitzordutik erreferentziazko pertsona bat izendatzen zaiola argitu dute, esku hartze prozesu osoan laguntza eskaini ahal izateko.

Gida sei hizkuntzatan egin dute eta zazpi atal ditu. Lehen atalean pertsona bakoitzaren egoeraren edo beharren arabera, jaso ditzaketen baliabide edo laguntzei buruzko informazioa bildu dute. Bigarrengoan adineko pertsonei eta desgaitasuna edo menpekotasun egoerei lotutako zerbitzuak daude, eta hirugarrengoan haur eta nerabeek izan dezaketen babes ezari aurre egiteko zerbitzuak daude. Gizarteratzeari, indarkeria matxistari zein sexu erasoei, eta osasunerako eta adikzioen prebentziorako dauden zerbitzuak biltzen dira gero. Azken atalarekin gizarte zerbitzuen eremuan parte hartzea eta lankidetza sustatu nahi dituzte.

Gizarte zerbitzuetarako aldez aurretiko hitzordua eskatzeko 943 69 75 00 telefono zenbakira deitu behar da edo gizartezerbitzuak@tolosa.eus helbidera idatzi.

Hemen gizarte zerbitzuetako gida irakurterraza.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!