Martxoaren 14an eta 15ean jokatuko da Bandres-Karolo Oroimenezkoa

Ataria 2020ko otsailaren 13a

Asteburuan zen egitekoa Bandres-Karolo mendiko eskiko proba, baina elur falta dela eta, atzeratzea erabaki du antolakuntzak.

Euskal Herriko Pirinioetan egin ohi da Antxon Bandres eta Carlos Imirizaldu Karolo-ren Oroimenezkoa. Ehunka eskiatzaile izaten dira Izaba eta Belagoa inguruetan. Aurten, ordea, ez dago elurrik. Eguraldi iragarpenetan ere ez da aurreikusten proba jokatzeko elur nahikorik egingo duenik. Beraz, egoera ikusita, lasterketa hilabete atzeratzea erabaki dute antolatzaileek.

Berez, Euskal Herriko banakako txapelketa izan behar zuen proba honek, baina martxoaren 14an eta 15ean, Espainiako Txapelketak jokatuko dira Cerlerren eta Pierra Mentan. Hainbat selekzio joango dira horietara, eta beraz, Euskal Herriko txapelketa, igande honetan jokatuko da, Club de Montaña Pirineos taldeak Panticosan antolatu duen XXXVIII. Zeharkaldian. Larunbatean, kronoigoera bertikala egiteko aukera ere izango da.

Jada Bandres-Karolo proban izena eman eta martxoaren 14an eta 15ean bertan egon ezin dutenek, otsailaren 23a baino lehen, bandreskarolomemoriala@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaliz ohartarazi beharko diote antolakuntzari, dirua itzuli ahal izateko. Martxoko astebururako izena eman nahi duenak, berriz, www.zirkuitua.com webgunean du aukera.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!