Jatorria ahaztu gabe, harrobia zaindu nahi du Toloboleik

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ots. 13a, 09:59

Eskualdean boleibola sustatzen jarraitzeko helburuarekin ekin dio, urte berriari, Tolobolei Elkarteak. Aurten, ordea, haurren eta gaztetxoengan jarri dute fokua.

Tolobolei elkarteak, zenbait aldaketekin ekin zion, udazkenean, denboraldi berriari. Behin irailean jokatzen den Tolosako Hondartzako Boleibol Txapelketa amaituta, denboraldi berria prestatzeari ekiten diete elkarteko kideek. Iaz, berrikuntza handi bat izan zen.

Tolosako zenbait emakumek, pistako boleibol taldea osatu zuten, eta Euskal Herriko Ligan aritu ziren lehiatzen. Elkarteko kideen esanetan, «arrakasta handia izan zuen, eta oso gustura aritu ziren. Hala ere, partaide gutxirekin amaitu zuten denboraldia. Hasiera batean hamalau jokalari ziren, baina lana, haurrak edota lesioak medio, askok ezin izaten zuten entrenatzera joan, ezta partidak jokatzera ere. Ondorioz, aurten bertan behera geratu da taldea, eta ezinezkoa izan da erreleboa aurkitzea». Hala ere, bakar batzuek, boleibolaz gozatzen jarraitu nahi izan dutenez, entrenatzaile baten laguntzaz, saio bat egiten dute astero. «Ea urteren batean talde hori berreskuratzeko aukera dugun».

Emakumezkoen taldea sortu ez denez, beste ikuspuntu batekin dihardute orain. «Epe luzera begira jarritako helburuak betetzeko asmoz, harrobiko taldeekin hasi gara lanean. Batetik, 15 neska kadete eta 15 neska infantil ditugu, bi taldetan jokatzen. Lan txukuna egiten ari dira». Kadete mailan ere mutilen talde bat dute, nahiz eta tartean infantilak eta alebinak ere badauden. «Hauek, denbora gehiago daramate, eta jokatzeko eran atzematen zaie hori. Entrenatzaileen ahalegina ere nabarmentzekoa da, lan ona egiten ari direlako. Benetan eskertzekoa da».

Harrobiko taldeak osatzeaz gain, haurrengan kirol honekiko ilusioa piztu nahi dute. «Haurrek boleibolaz goza dezaten nahi dugu, izan pistan edota hondartzan». Elkarteak, baina, harago joan nahi du, eta ikastetxeei, Eskola Kirola programaren barruan, kirol minoritario hau aukeren artean izatea eskatzen die. «Oraingoz, urtean zehar 2-3 jardunaldi egiten ditugu beraiekin. Tarteka etortzen dira, jolas batzuen bitartez, ondo pasatzera. Guk, ordea, gainerako kirolen maila berean egotea nahi dugu».

Bazkidetza eta txapelketak

Sortu zenetik, elkarteak begiz jota izan duen zereginetako bat, bazkide berriak lortzearena izan da. «Jada hasi gara aurtengo izen-emate kanpainarekin». Izena eman nahi dutenek, 18 urtetik gorakoak izan behar dute, eta eskualdekoak. Hilaren 29an amaituko da epea. «Erritmo onean doa, eta badira bazkidetza berritzen ari direnak ere. Iaz, 130 bazkide baino gehiago izatera heldu ginen». Bazkide bakoitzak elkarteak Ferialekuan duen instalakuntzara sartzeko eta bertako materiala erabiltzeko giltza izango du; hori bai, elkarteko kideek, uneoro kontrolpean izango dute nork erabiltzen duen. Ordaindu beharreko kuota, 50 eurokoa da. «Guretzako prezioa ez da merkea edo garestia, sinbolikoa baizik. Dirua, elkarteak antolatutako ekintzetara bideratzeko eta bazkideek erabiltzen duten materiala erosteko erabiltzen delako».

Toloboleiren asmoetako bat, bazkide bakoitzak, gutxienez txapelketa batean parte hartzea da. Egutegi bat osatu dute, urteko txapelketa guztiekin. Hemendik gutxira, esaterako, Udaberriko Liga jokatzen hasiko dira, 4x4 Txapelketa Mistoa. Hiru hilabetez, hamasei talde elkarren kontra ariko dira. Azken jardunaldian, bi bikote onenek finala jokatuko dute. Nahi dutenek, aukera dute oraindik izena emateko. Baldintza bakarra bete behar da: nahitaezkoa da talde bakoitzean bazkide bat egotea.

Aipatutako txapelketa horrez gain, 2x2 Txapelketa Mistoa eta nesken 3x3 Txapelketa ere antolatzen dute. Haurren bi txapelketa ere bai. Haurrak bakarka ematen dute izena, eta taldeak, zozketa bidez egiten dira gero. Helduetan, 3x3 Txapelketa Mistoa ere egiten da, taldeak egiteko haurren sistema berdina erabiliz. Pistako boleibolerako txapelketak ere jokatzen dira. Urtean zehar, gainera, edonork jolas dezake Ferialekuko kantxetan; betiere, bazkide baten laguntzaz joanez gero. «Tolosan eta eskualdean boleibola sustatzen jarraitu nahi dugu». Interesa dutenek, elkartearekin jar daitezke harremanetan, tolobolei@gmail.com helbidera nahiz Facebookeko edo Instagrameko orrialdeetara mezua idatziz, edota 680 845 158 telefono zenbakira deituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!