Migel Soroa Oroimenezkoa txapelketaren finalak, erabakita

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ots. 12a, 13:59

Otsailaren 23an, Zaldunita egunez, Tolosako Beotibarren jokatuko dira, hiru mailatan: jubenilak, promesak eta eliteak.

Pasa den larunbatean, VIII. Ogi Berri-Migel Soroa Oroimenezkoa txapelketako finalerdien bigarren jardunaldia jokatu zen, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Jaialdiko lehen partida, jubenil mailakoa izan zen. Eñaut eta Eneko Lizeagak, 22 eta 11 irabazi zieten Alonsori eta Ugartemendiari. Bikote irabazleko aurrelaria izan zen partidako jokalari onena. 13 tanto egin zituen Lizeagak, horietatik bost sakez. Oraindik kadetea den arren, maila bikaina erakusten ari da. Gainerako pilotariek tanto asko galdu zituzten.

Bigarren finalerdia, elite mailakoa izan zen. Labaka-Telletxea bikoteak 22 eta 17 irabazi zion, Murua-Elizegi bikoteari. Partida gogorra izan zen, 500 pilotakadakoa. Bi aurrelariak nabarmendu ziren, kalitate handiko tantoak egin zituztelarik. Lehen zatian, oreka handia mantendu zen markagailuan, baina bigarrenean, gehiago nagusitu ziren Labaka eta Telletxea.

Promesetan, Senarrek eta Morgaetxeberriak 22 eta 10 irabazi zieten Olaetxeari eta Garmendiari. Txukun hasi ziren galtzaileak, batez ere, Olaetxea aurrelariaren lanari esker; 9 eta 4 aurreratzea lortu zuten. Hortik aurrera, ordea, irabazleek jokoa aldatu, eta aurkarien atzelaria zigortzea erabaki zuten, baita asmatu ere. Azkenean, Garmendia lazkaotarra kamuts aritu zen, eta guztira, 10 pilota galdu zituen.

Txapelketako finalak, hilaren 23an jokatuko dira, 16:30etik aurrera. Jubeniletan, Hormaetxek eta Sudupek, Lizeaga anaien aurka neurtuko dituzte indarrak. Promesetan, berriz, Alberdik eta Apezetxeak, Senarren eta Morgaetxebarriren aurka jokatuko dute. Azkenik, Zubizarreta-Uriondo eta Labaka-Telletxea bikoteak ariko dira elite mailan. Bertaratu ezin dutenek, www.pilotarentxokoa.com webgunean ikusi ahal izango dituzte finalak, zuzenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!