Zahartze osasuntsurako osasun estrategiak jardunaldia dela eta, protestan

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 12a, 14:02

Asuncion Klinikak antolatuta Zahartze osasuntsurako osasun estrategiak jardunaldia izan da Tolosako Topic zentroan. Estatu osoko adituak Tolosan bildu dira, zahartzeari eta hauskortasunari aurre egiteko estrategiei buruz eztabaidatzeko. Hau aprobetxatuz,  Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak eta Tolosaldeko Pentsionistek protesta egin dute sarreran.

08:30erako jarri dira Topic zentroaren sarreran, eta oihu eta aldarrikapen artean egin diete harrera jardunaldira gerturatu direnei, tartean, besteak beste, ikasle ugari etorri da jardunaldira.

Osasun publikoaren aldeko aldarria egin dute, eta aldi berean, pribatizazioaren aurkako oihuak egin dituzte. Eta Tolosaldeko osasun zerbitzuan dauden "murrizketak" ere salatu dituzte. Hizlarien artean, TOPAk ezaguna duen Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia izan da, gizartearen zahartzeari buruzko ikuspegien eta aurkezten dituen erronka eta aukeren inguruko hausnarketa egiteko. 

Ariketa fisikoak eta sozializazioak, hauskortasuna eta mendekotasuna prebenitzeko duten garrantzia eta nutrizioa bezalako funtsezko alderdiak lantzea izan da jardunaldiaren mamia. Bi proposamen berritzaileren kasu praktikoak aurkeztu dira. Alde batetik, Tolosako Udalak bultzatutako Mugi Tolosa proiektua, duela lau urte baino gehiagotik hiribilduko adinekoen artean ibilaldi osasungarriak sustatzen dituena. Eta bestalde, Andres Rodriguez Macrosadeko zuzendaria ere Tolosan izan da. Macrosad Espainiako belaunaldien arteko lehen zentroa da, eta 0 eta 3 urte bitarteko haurrak adin nagusikoekin bizi eta elkarreraginean aritzen dira, haurtzaindegian dauden bitartean. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!