Bost bertsio berrirekin, inauteri kontzertua eskainiko du The Herrikide's taldeak

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko otsailaren 10a

Herrikide ikastetxeko guraso eta aitona-amonen artean sortutako taldeak karaoke formatuan plazaratzen ditu Tolosako inauterietako kantuan; ostiralean, zuzenekoa eskainiko dute Jesuitinetako elizan.

Afari baten bueltan abiarazitakoak, bigarren zuzeneko emanaldia ekarriko du, datorren ostiralean, Herrikide ikastetxeko elizara. The Herrikide's taldeak beste bost inauteri kantu grabatu ditu, karaoke formatuan, eta Youtuben duten kanalean eskuragarri jarri, erabili nahi dituztenentzat.

Iaz atera ziren plazara, estreinakoz, elkartzen 2017an hasi baziren ere: "Afari bat egin genuen, eta bertan hainbat musikari geundela konturatu. Gainerako gurasoek inauterietarako zerbait egin genezan eskatu ziguten, eta horrela hasi ginen, azaldu du Iñaki Letamendia taldekideak.

Joan den urtean egindakoaren bidetik, aurten beste bost inauteri kantu grabatu dituzte: Canciones bonitas, Pitxi-pitxi, Pakita la Vergaresa, Pello ziri-ziri eta Pintxana. Diotenez, herritar gehienei ezezagunak zaizkie letra horiek, eta "jendeak kantuen hitzak ikas ditzan" egin dituzte grabaketak, Xabier Valverderen eta Joseba Mercaderren laguntzatz. Modu horretan, hainbat esparrutara hel daitekeen proiektutzat dute The Herrikide's: "Hezkuntzan oinarrizkoa da musika, eta hori lantzen dugu; gainera kantuen hitzak euskarazkoak dira. Haur nahiz helduentzako egin dugu hau guztia, umiltasunetik".

Emanaldia 18:00etan hasiko da, ostiralean, Herrikide Jesuitinetako elizan, eta, taldekideekin batera – Martin Erondosoro, Iban Legarra, Javi Luengo, Iñaki Letamendia, Eguzki Errondosoro eta Xabi Bikuña–, hainbat gonbidatu bertaratuko dira hitzordura. Batetik, iragarri dute Tolosako Erraldoiek zerbait berezia eskainiko dutela, eta ikasleek ere parte hartuko dute: 6. mailako bertsolaritza ikasleak haien irakasle Jokin Gorostidirekin batera ariko dira; 5. mailako bi ikaslek, berriz, dantza egingo dute.

Kontzertua entzutera betaurreko, ileorde eta abarrekin bertaratzera animatu nahi izan dituzte herritarrak, eta jakitera eman dute, Herrikideko ikasgela batean grabatutako kantuekin disko bat ere osatu dutela; eskuratu nahi izanez gero, The Herrikide's taldeko kideekin harremanetan jarri beharko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!