Urte osora zabalduko dute aurrekontu parte hartzaileen prozesua

Ataria 2020ko ots. 7a, 20:00

Ezkerretik eskuinera Garikoitz Lekuona, Joseba Ormazabal eta Olatz Peon.

Tolosako Udalak "komunitatea sendotzeko" apustua egin nahi du, eta hori dela eta aurreko legealdian abiarazitako Tolosatzen prozesuan egitasmo berriak diseinatu ditu. 

"Herri elkarrizketa sustatzea eta herritarren ahalduntzea helburu hartuta, komunitatea sendotzeko asmoz" 2015-2019 legealdian abiarazitako Tolosatzen prozesua indartu nahi du Tolosako Udalak. Horretarako egitasmo berriak jarriko dituzte martxan, esate baterako  udazkenean egin izan den aurrekontu parte hartzaileen prozesua urte osora zabalduko dute eta Tolosatzen Eskola Irekia proiektu pilotua abiaraziko dute.

Olatz Peon alkateak esan duenez, udal gobernuak erabaki du legealdiko helburu estrategikoen artean gobernantza eredu berrietan sakontzea eta hor kokatzen dute Tolosatzen prozesuaren jarraipena. Horiek horrela, herri elkarrizketa sustatzea, herritartasun aktiboa lortzea eta herritarren ahalduntzea bultzatzea lehenetsi dituztela esan du udalak, beti ere komunitatea sendotu asmoz. "Udalaren eta herritarren arteko harremana zuzenagoa eta gertuagoa den heinean, herriak dituen beharrekiko ezagutza areagotu da eta beraz, zerbitzuek eskaintza hobetzeko aukera izango dugu eta herri bezala etorriko zaizkigun erronka handi desberdinei hobeto erantzuteko moduan egongo gara", esan du alkateak.

Ekintza eta egitasmoak

Ekintza zehatzen artean dago aurrekontu parte hartzaileak urte osora zabaltzea. "Aurreko esperientziatik ondorioztatu dugu lanketa azken bi hilabeteetan egitea ez dela nahikoa, eta urte osora zabalduko dugu. Asmoa da herritarren ekarpenak jasotzerakoan teknikoki denbora nahikoa izatea lanketa bat egiteko eta politikoki hausnarketa lasaiago bat egin ahal izateko, aurrekontuan txertatu ahal izateko", esan du Joseba Ormazabal zinegotziak. 2020an bertan hasiko dira datorren urtera begira indarra non jarri behar den zehazten. Udaberrian bilduko dira herritar eta eragileekin, eta udaran egin ahal izango dute lanketa. Udaran jasoko dituzte ere "beste bide batzuetatik jasotako ekarpenak, kanal berriak irekiko baitugu", gaineratu du. Udazkenean egingo dituzte bilera monografikoak. "Helburua herritarren eta udalaren arteko elkarrizketa urte osora zabaltzea da beraz, eta baita elkarlanaren bidetik eta beste erritmo batean herri aukerak edo erronkak identifikatzea".

Gobernantzaren ordenantza berri bat ere egin nahi du Tolosako Udalak. "Beharrezkoa da proiektu hau adostasunez lantzea, bai etxe barruan, gobernu eta teknikoen artean, alegia, eta baita adostasun politikoarekin ere, eta nola ez herritarren adostasunarekin". Bide horretan kanal digitala jorratuko dute; "badugu aplikazio bat parte hartzea eta ekarpenak jasotzeko, baina iruditzen zaigu Tolosatzen proiektuak hartu duen dimentsioa ikusita, hori garatu behar dela internet bidez". 

Beste berrikuntzetako bat, Ormazabal zinegotziak aipatutako kanal berri horri lotuta, Tolosatzen Eskola Irekia da. "Open eskolaren kontzeptupean dagoen nazioarteko proiektu pilotu bat da. Bilbon, Arabako Añanako Kuadrillan eta Tolosan egingo da. Tolosan martxotik ekainera bitarte garatuko da eta helburua da esperientzia pilotua udazkenetik aurrera behin betiko bihurtzea, eta urte osoko proiektu izatera pasatzea", esan du Garikoitz Lekuona udaleko parte hartze teknikariak. Tolosatzen Eskola Irekia herritarrei zuzendutako eskola bat dela esan du Lekuonak, eta herritarrak esaterakoan udal ordezkari eta teknikariak ere barnebiltzen dituela esan du, "uste baitugu gure politiketan herritarra erdigunean jartzen badugu, beharrezkoa dela herritarrei tresna desberdinak eskaintzea herritartasun aktibo hori egiteko, eta herritarren hartzeko hartu-eman egonkor hori bideratzeko".

Hiru lan lerro izango ditu Eskola Irekiak. Batetik, herritarren trebakuntza eta ahalduntzea bultzatuko da eta horretarako ikastaroak, hitzaldiak eta tailerrak antolatuko dituzte. Bestetik, komunitatea sendotzeko herri eragileen sarea indartzeko elkarte ezberdinen arteko topaketak antolatuko dituzte, elkarte bakoitzak komunitateari egiten dion ekarpena balioan jarri eta ezagutarazteko. Hau da, udalak eskaintzen dituen zerbitzu eta baliabideak zeintzuk  diren jakitera eman nahi dituzte, udalak egiten duena eskuragarriago jartzeko. Eta azkenik, elkar ezagutzan sakondu nahi dute, "lurraldea, herria bera eta erakundeen eskuduntzak eta zerbitzu desberdinak ezagutzea ezinbestekoa da parte hartzea eta elkarrekiko harremana sustatzeko".  Azken lan lerro horri lotuta Lekuonak esan du herriko talde edo eragile batzuk ezagunagoak direla beste batzuk baino, eta guztien saretzea bultzatu nahi dutela. "Nolabaiteko katalogo bat osatu nahi dugu, herri eragileei zuzendutako nolabaiteko elkargune bat sortzeko. Hau da, Tolosan dauden elkarteak identifikatuko ditugu,  datuak eguneratuko ditugu eta online jarri, herritarren eskura egon dadin. Herrian alor edo eremu desberdinetan lan egiten duten eragile desberdinak daude, eta elkar ezagutzea nahi  dugu".

Auzoz auzoko bisitak eta eragileen bilerak egiten jarraituko dute ere. Bi astez behin egingo dituzte auzoz auzoko bilerak etorkizunera begirako lanketak egiteko eta aurreko legealdian bezala, oraingoan ere enpresetara joango dira. "Halaber, etorkizunera begirako gai eta erronka estrategikoak lantzeko eragile ezberdinekin ere bilerak egitea aurreikusten dugu, hala nola, integrazioaren eta inmigrazioaren gaiak jorratzeko".

Gobernantza eredu berri honetan pausoak ematen jarraitzen dutela esan du alkateak bukatzeko eta aurtengoan komunitatean jarri dutela indargunea: "Gertutasuna, gardentasuna eta konfiantza lantzea da asmoa aipatutako programa jakin horien bitartez".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!