Imanol Rojo garaile, 41. Beret Martxan

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko otsailaren 7a

Tolosarrak, Aran bailaran jokatutako 42 kilometroko lasterketa irabazi du. Alpino Uzturre klubeko eskiatzaileek oso emaitza onak lortu dituzte.

Pasa den asteburuan, iraupen eskiko zenbait proba jokatu ziren Aran bailaran. Denboraldiko helburu nagusietako bat zen Alpino Uzturre taldeko eskiatzaileentzat. Larunbatean, Espainiako Txapelketa jokatu zen, sprint modalitatean. 16 urtez azpiko kategorian, nesketan, Alaia Juaristi izan zen txapeldun. Irati Azpilgain laugarren izan zen; Naroa Amantegi, zazpigarren; eta Laia Arakama, zortzigarren. Gizonezkoen senior mailan, Mikel Plazasek meritu handiko bigarren postua lortu zuen.

Igandean, bestalde, 41. Beret Martxa jokatu zen. 42 kilometroko lasterketan, Imanol Rojok lortu zuen garaipena, bigarren sailkatuari, zazpi minutu baino gehiagoko aldea aterata. 21 kilometrotako proban, berriz, nabarmentzeko emaitzak lortu zituzten Alpino Uzturreko eskiatzaileek. Mikel Plazas zazpigarren izan zen; Olaia Plazas, hamargarren; Ainara Lakuntza, hamaikagarren sailkatu zen; Ane Gorostegi, hamazazpigarren; eta Irene Amantegi, hemezortzigarren.

Proba horiez gain, 10 kilometrokoa ere jokatu zen. Lasterketa horretan, Alaia Juaristi bigarren izan zen; Naroa Amantegi, bosgarren; Laia Arakama, bederatzigarren; eta Irati Azpilgain, hamaikagarren. «700 parte hartzaile inguru helmugaratu zirela kontuan izanda, lortutako postuak azpimarragarriak dira», adierazi dute Alpino Uzturre klubeko ordezkariek.

Imanol Rojo eskiatzaile tolosarraren hurrengo erronkak Eskandinavian kokatzen dira, bertan jokatuko baita Munduko Kopan. Igande honetan, hilak 9, Suediako Falunen lehiatuko da, eta otsailaren 15etik 23ra bitartean, lehen aldiz burutuko den Ski Tourreko sei lasterketetan hartuko du parte. Taldeko beste eskiatzaileak Estatu mailako lasterketetan lehiatuko dira, betiere, elurrak irauten badu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!