Gozatzeko helburuari eutsiz, lehiakorrak izateari utzi gabe

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ots. 7a, 18:59

Areto futboleko emakumezkoen Laskorain taldeak, senior mailako Gipuzkoako Ligan jokatzen du. Hirugarrenak dira, 16 punturekin; gainera, azken hiru partidak irabazi dituzte.

Areto futbolean eskarmentu handia du David Pradosek. Lauburu Ibarra taldearen garai onenetan, jokalari modura aritu zen. «Oso garai onak» izan zirela aitortzen du. Orain, ordea, bestelako zereginetan dabil. Senior mailako Gipuzkoako Ligan lehiatzen ari den emakumezkoen Laskorain taldeko prestatzailea da. Ibarran jokatzen zuen bitartean ere aritu zen nesken Laskorain taldea entrenatzen. «Asko gozatzen nuen, jokatzen bezain beste. Sekulako giroa genuen, eta emaitzak ere oso onak ziren». Udan berriz eskaini zioten aukera, eta ezin izan zuen ezezkorik eman, «nostalgiak bultzatuta».

Jada 11 jardunaldi jokatu dituzte aurtengo denboraldian. Horietako bietan, atseden hartzea egokitu zaie Laskoraingo neskei. 9 partidatan, bost garaipen, berdinketa bat eta hiru porrot bereganatu dituzte. Hirugarren postuan daude sailkapenean, 16 punturekin, eta lehen bi postuetan dauden Ordizia eta Sanpedrotarra talde indartsuengandik nahiko urrun. «Hasieran beldur apur bat nuen, lagun talde izaeraren eta partidak irabazi nahiaren arteko oreka mantentzerik izango ote nuen ala ez, baina lehen partidarako, hori lortu ahalko nuela ohartu nintzen. Baina, egia esan, oso gustura nago lortutako emaitzekin, eta Jorge Ballesteros, gure taldeko animatzaileak dioen bezala, orain dinamika onean gaude».

Helburuei buruz galdetzen denean, batzuetan, «gaizki ulertuak» ere izaten direla dio. «Batez ere, helburua ondo pasatzea dela esan, eta gero, ez irabazteak jokalariengan amorrua edo haserrea sortzen duela ikusten duzunean. Hala ere, emaitzak onak izaten ari direla ikusita, helburu nagusiena areto futbolaz gozatzea da, lehiakorrak izateari utzi gabe, eta ahalik eta neurketa gehien irabazteko asmoz».

Denboraldi hasieratik mantendu ditu taldearekiko nahiz lehiarekiko poztasuna eta grina Pradosek. Astean behin entrenatzen dute Usabal kiroldegian, eta bi asteburuz behin, bertan jokatzen dituzte etxeko partidak. «Astean behin bakarrik biltzen garenez, eta taldean jokalari asko ez garenez ere, zaila izaten da dinamika on bati eustea, eta behar bezalako entrenamendu saioak egitea. Horrek ematen zidan beldur gehien, guztientzako bihurtzen delako karga moduko bat. Hala ere, jokalarien esfortzuari esker, oso ondo ari gara aurrera eramaten».

Derbietako bat, gaur

Eguzki, Eskoriatza eta Idiazabal taldeen aurka jokatutako azken hiru partidak irabazi ondoren, pasa den asteburuan, atseden hartzea egokitu zitzaien. Gaur itzuliko dira lehiara, TEEP Samaniego-Orixe taldearen aurka jokatuko duten derbian. Partidarik gabeko asteak ez ditu oso gogoko Pradosek. «Entrenatzera joaten zara, baina hurrengo astera arte ez zara berriro jokalariekin elkartzen. Eta kasualitatez, norbaitek azaltzerik ez badu, lehiaren haria galtzeko arriskua izaten du».

Aipatutako TEEP Samaniego-Orixe taldeaz gain, eskualdeko beste bi talde ere liga berean ari dira lehiatzen: Anoeta eta Tolosala. Hauez gain, Ordiziako taldean, eskualdeko zenbait jokalari daude. «Jokalari asko ezagunak eta lagunak dira, gainera. Hortaz, partida guztiek dute xarma berezia. Ordiziako taldea, gure ligako selekzio moduko bat da, baina egia esan, beraiei irabazteko gai ikusten dut taldea».

Gaur egungo emakumezkoen areto futbolaren egoerari buruz galdetuta, ordea, Prados ez da poztasun berarekin azaltzen. «Urte batzuk atzera eginda, egoera berean geunden, edo agian, hobeto. Ez da ezer aldatu. Parekidetasunaren alde lan handia egiten ari den gizartea gara, baina oraindik ere, federazioaren aldetik, desberdintasunak handiak dira trataeran. Esate baterako, partiden ordutegietan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!