Bestelako turismo eredu bat sustatu nahian ekin zioten, Bizibiziki elkarteko kideek, Aktibatu! jardunaldiak prestatu eta antolatzeari. Tolosan izan dira zazpi urtean, eta egitasmoa urtetan zabaldu den heinean, mugetan ere zabaldu da. Gaur egun, Aktibatu! nazioarteko natura eta turismo adituen elkargune izaten da, urtero. Datorren otsailaren 13an izango da aurtengoa, eta Zerkausi gaineko terrazan egin dute aurkezpen agerraldia.
«Lehen, Gipuzkoara oso itxia zen Aktibatu!», Ekaitz Zubelzu Bizibizikiko arduradunaren arabera. Orain, ordea, nazioartera begirako ekitaldia da eta, aldi berean, nazioartea jartzen du Tolosaldera begira. Horixe azpimarratu nahi izan du, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo saileko zuzendari nagusiak: «Jardunaldia bera ekintza turistikoa da, opor denboralditik kanpo, eta Donostiatik kanpo; balio erantsi bat da».
Etorkizun hurbil batean, turistek komunitate lokaletan herritar bat gehiago sentitzea bilatuko dutela azaldu du Goyo Zurro Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, eta Aktibatu! bezalakoak elementu ezinbestekotzat jo ditu, epe ertaineko eszenatoki horretan.
Olatz Peon alkateak, bere aldetik, Tolosako eta Tolosaldeko turismo jasangarriaren aldeko estrategiari jarri dio fokua, jardunaldien ildo beretik doazela azalduz. «Zazpi urteko ibilbidea egin dute jada, eta oso lagungarria da horrelakoak Tolosan antolatzea, nazioarteko beste lekuetatik ikasten dugulako, gero gure aldetik landu dezakeguna. Gainera, elkarlan publiko-pribatu bat da, eta hori ere aberasgarria da».
Aktibatu! jardunaldien inguruko informazioa eta izen-emateak www.aktibatu.eus atarian dira eskuragarri.
AKTIBATU! 2020, EGITARAUA
Otsailaren 13a, osteguna
08:30. Gosaria, parte hartzaileen topagunea eta erregistroa. 09:15. Ongietorria.