Argazki Galeria

Tolosa CF Atletismoko atletek, goi mailan jarraitzen dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 5a, 19:58

Gipuzkoako, Euskadiko nahiz Espainiako Txapelketa desberdinak jokatu dira azken asteburuan, eta horietan domina ugari eta emaitza bikainak lortu dituzte eskualdeko atletek. Gainera, Gernikan jokatutako Euskadiko Kros Txapelketa irabazi zuten Manex Civicok eta Ane Martinek.

Pasa den larunbatean, Pista Estaliko Gipuzkoako Txapelketako lehen jardunaldia jokatu zen Donostian. Bertan, 10 domina lortu zituzten tolosarrek: urrezko sei, zilarrezko hiru, eta brontzezko bat. Nora Ituartek 60 metrotan (7.86), Ainhoa Muruak 400 metrotan (1:01.97), Ximena Ceberiok (1:50) eta Maren Goenagak (1:35) 600 metrotan, Iker Martinezen 1.500 metrotan (4:21), eta Ander Martinez de Rituertok pertika jauzian (4 metro) lortu zituzten urrezko dominak. Zilarrezkoak, berriz, Mireia de la Parrak (5,31 metro) eta Ander Aristik (5,71 metro) luzera jauzian, eta Mario Estangak pertika jauzian (3,5 metro) lortu zituzten. Brontzezko domina bakarra Uxue Suduperentzat izan zen, 400 metrotan (1:02.89).

Egun berean, Espainiako Kluben Arteko Kopa jokatu zen, Valentzian. Pisu jaurtiketan, Atletico San Sebastian taldearekin lehiatu zen Maria Felisa Okomo. Tolosarrak, Tolosa CF-ko errekor berria ezarri zuen, 4 kiloko bola 13,27 metrora jaurtiz. Gipuzkoako errekorretik (13,41) eta Espainiako Txapelketarako gutxieneko markatik (13,50) gertu geratu zen.

Bestetik, Euskadiko jaurtiketa luzeen txapelketa jokatu zen, Gasteizen. Ainhoa Toledo zumarragarrak klubeko errekor berria ezarri zuen, mailua 36,12 metrotara jaurtiz, eta aurreko marka metro eta erdian hobetuz. 18 urtez azpiko kategorian, Euskadiko txapeldun eta txapeldunorde izan ziren, hurrenez hurren, Iker Esnaola eta Mikel Irastorza. Kilo eta erdiko diskoa, 37,11 metrora jaurti zuen Esnaolak. Irastorzak, berriz, 40,49 metroko marka egin zuen, xabalinarekin.

Bi txapeldun, Euskadiko Kros Txapelketan

Pasa den igande goizean, Euskadiko Kros Txapelketa ospatu zen, Gernikan. Bero handia egin zuen, eta haize apur bat ere izan zen. Tolosa CF-ko lau atletek lortu zuten podiumera igotzea, eta taldeka ere behin igo ziren tolosarrak. 16 urtez azpikoen mailan izan ziren emaitza nabarmenenak. Manex Civico eta Ane Martin txapeldunak izan ziren. Taldeka, gainera, hirugarren postua lortu zuen, mutiletan, Tololosa CF-k. 18 urtez azpikoen mailan, Ibone Ezeizabarrenak hirugarren postua lortu zuen nesketan. 20 urtez azpikoen mailan, berriz, Paula Del Pozo txapeldunorde izan zen.

Tolosa CF Atletismo klubetik, modalitate honetako lasterketa garrantzitsuenean emaitza onak lortu dituztela azpimarratu nahi izan dute, eta atletak zoriondu dituzte, neguan egindako lan onaren emaitza delako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!