Hodeiertz luze-zabala aurrean

Jon Miranda Labaien 2020ko ots. 4a, 11:59

Lehengo astean abiatu ziren Amalur jardunaldiak Tolosako Ekinbide Etxeak antolatuta; martxoa bukaera bitarte beste bost hitzaldi izango dira.

Ana Maria Briongosen Negro sobre negro. Iran cuadernos de viaje liburutik hautatutako testu batek laburbiltzen du Amalur jardunaldien espiritua: «Munduko bideak eskola dira, eta eskola horretan, espiritua baretu egiten da eta tolerantzia eta elkartasuna sendotu». Alberto Luengo jardunaldien koordinatzailea bat dator baieztapenarekin.

Tolosa ezinbesteko topagune eta erreferentzia bihurtu da bidaia, natura eta antropologia gaietan. Horretarako punta puntako hizlariak eta ekintzak antolatu izan dituzte azkeneko urteetan. Aurreko asteazkenean Angel Lopez Soto argazkilariak eman zituen azalpenak Topicen, eta ostiralean, Juan Luis Arsuagaren hitzaldia entzuteko aukera izan zen, biziaren eboluzioa ardatz hartuta. «Aretoa bete eta jendea ezin sartu geratu zen», azaldu du Luengok.

Munduko egoera eta arazoen aurrean «informazio zehatza eta ikuspegi anitza eta kritikoa» helaraztea da jardunaldien koordinatzailearen iritzian bultzatu nahi duten beste helburua. Horregatik, ingurugiroa, kultura eta gizarte gaiak hartuko dituzte hizpide geratzen diren gainerako bost hitzaldietan.

HAMALAUGARREN ALDIA

Ekialdeko Afrikaz hitz egiteko Angel Ortiz eta Josu Iztuetak abiatu zituzten Amalur jardunaldiak duela 14 urte eta ordutik hainbat herrialdeetako errealitatea eman da ezagutzera. Luengok adierazi duenez, zonalde jakin bateko errealitatera gerturatzeari utzi eta azken hiru urteetan beste apustu bat egin dute, «hiru hitzaldi egitetik zazpira pasaz maila handiko hizlariak ekarri eta txoko gehiago ezagutzeko aukera izan dugu».

Martxoa amaitu bitartean beste bost hitzaldi izango dira eta jardunaldien koordinatzaileak horietako bakoitza hitz batekin definitu nahi izan du: «Almarcegui oso pertsona argia da; Fabiolak eta Angelek DNAn daramate bidaiatzea; Parettiren hitzaldia gainerakoengandik ezberdina izango da; Canelak harritu egingo gaitu; Eta Txikonek, uste dut, ez duela aurkezpenik behar». Gonbita luzatu die Luengok eskualdeko herritar guztiei jardunaldietara gerturatzeko: «sorginduta aterako dira».

AMALUR JARDUNALDIAK 2020

OTSAILAK 7, EMAKUME BIDAIARI BAT ERDIALDEKO ASIAN

Patricia Almarcegui. ldazlea eta Literatura Konparatuko irakaslea da. Lan egiten du, besteak beste, eldiario.es, El País, La Vanguardia eta National Geograpahic-en. Liburu hauek argitaratu ditu: El sentido del viaje (Fray Luis de León saiakera saria), El pintor y la viajera, Una viajera por Asia Central, Conocer Iraneta La memoria del cuerpo. Bere azken saiakerak, Los mitos del viaje (2019) izenekoak, bidaiatzeari buruzko hausnarketa luze bat jasotzen du, hamar urtetik gorako hausnarketa bat.

Laburpena.Erdialdeko Asia ia erabat ezezaguna da mendebaldean, eta oso gutxi dira emakumeek idatzitako bidaia liburuak. Egileak, 2007 eta 2008 bitartean, egin zuen ibilbidearen bitartez errealitate ezezagun batzuk ezagutzera emango ditu: Samarkanda, Bujara, Jiva, Fergana, Osh, Karakol.... bezalako tokiak gerturatuko ditu. Bere hitzetan, «izen magiko horiek, errealitate ezezagun horiek, amets egitera eta desioak proiektatzera garamatzate». Gerturatze bat izan nahi du saioak. Topic-en izango da saioa 19:30ean, gaztelaniaz.

MARTXOAK 12, EUSKAL HERRITIK ETIOPIARA

Angel Cuerdo eta Fabiola Jubin. Bi tolosarrek bidaiatzeko zuten interesa beren bizitzako ardatz bihurtu dute. Bien artean 17 dokumental baino gehiago egin dituzte telebistarako, munduari buruz beste ikuspegi batzuk emanez, autokarabana, piragua, bizikleta, motoa edo zaldia erabilita. Munduari bira ematen jarraitzen dute, Eneko, Aimar eta Naroa seme-alabekin batera, eta beren esperientziak Viajes en familia seriean grabatzen dituzte.

Laburpena.Familian Etiopiara egindako bidaian aukera izan zuten antzinako tribu ugari (konso, afar, hamer, mursi …) eta era askotako paisaiak, erlijioak eta gastronomia ezagutzeko. Horrez gain, zuzen-zuzenean ezagutu zuten Euskal Herriko hainbat gobernuz kanpoko erakundek Afrikako herrialde horretan egiten duten lana: Abay, Txirrindulari proiektu solidarioa edota Etiopia Utopiaren lana, adibidez. «Pozik atera ginen, gure hondar alea jartzeko asmoarekin, eta guztiz liluratuta itzuli ginen, basamortu oso bat jaso izanaren irudipenarekin», esan dute familiako kideek. Topic aretoan, euskaraz ariko dira azalpenak ematen, 19:30ean.

MARTXOAK 13, PINTXOTAN... ERROMAN!

Livia Paretti. Erromatarra da jaiotzez eta italiar-frantziarra sorburuz. 20 urte daramatza Bartzelonan bizitzen. Beti izan du gastronomia bizitzako parte, gaztea zenetik, «gozamen, jolas eta ezagutza» gisa ulertuta. Parettik bidaietako oroitzapen gastronomikoak ekartzen ditu maletan, eta sufritu egiten du gehiago ez zaizkiola kabitzen ikustean: «Zalantzarik ere ez dut egiten leku berezi batean jateko bi ordutik gora gidatu behar badut» esan du. Sarri kudeatzen ditu ltaliako gastronomia sustatzeko proiektuak Espainian, eta duela 7 urtez geroztik Accademia italiana de la Cucinako ordezkaria da.

Laburpena.Erroma da hiri nagusi arte kontuetan, baina baita gastronomia kontuetan ere. Parettik azpimarratzen duenez, ezin da ahaztu gastronomia ere arte mota bat dela. Galdera bat botako du hitzaldian: «Ibili al daiteke pintxotan Erroman?». Hitzaldian gonbita egingo du horretarako. Gerturatzen denak, sekretu txiki asko dituen mundu bat aurkituko du. Benetako Erroma bizi nahi duenak aukera izango du emanaldian, 19:30etik aurrera, gaztelaniaz.

MARTXOAK 26, PANTERAK HIRU URTE FELINOEN ARTEAN

Andoni Canela. Tuterar hau,   ingurumen kazetaritzan espezializatutako argazkilaria dugu. Bere lanak ondorengo hedabideetan agertu ohi dira: National Geographic, La Vanguardia, El País, BBC Wildlife, Newsweek eta Sunday Times. Goya sarietan izendatua izan zen El viaje de Unai (2016) dokumentalagatik. Familia hartuta, 7 animalia enblematikoren atzetik munduan barrena ibilaldi bat egin zuen, argazkiak ateratzeko eta zeinen egoera delikatuan dauden erakusteko, eta horixe erakusten du dokumental horrek. 

Laburpena. Andoni Canelak lau urte daramatza felino handien atzetik, argazkiak egiten eta filmatzen. Horretarako, biodibertsitate handia gordetzen duten lekuetara  bidaia batzuk egin ditu: Pantanal, Masai Mara, Serengeti, Himalaia, Tibet, Patagonia, Ranthambore, Sierra Morena, Nagarhole, Yala eta Kalahari. Andoni Canelak estreinakoz erakutsiko du, Xabier Moret gidari dela, bere seme Unairekin batera egiten ari den proiektu bateko materiala. Azalpen guztiak gaztelaniaz emango ditu, Topic aretoan, 19:30ean hasita.

MARTXOAK 27, BIDAIATZEKO ETA MUNDUA EZAGUTZEKO AITZAKIA

Alex Txikon. Lemoan jaio zen, 1981ean, hamahiru senidez osatutako familia ugarian. Hiru urte zituela Gorbeiara igo zen Javi anaiarekin, mendia maitatzen erakutsi zion anaiarekin. Ganzabal mendi taldearen eskutik hasi zen Pirinioak, Europako mendiak (Kantauriar mendikatea) eta Alpeak ezagutzen. 17 urte zituela, Pamirreko mendikatera joan zen, eta 21 urterekin bere lehen zortzimilakoa egin zuen, Broad Peak (8.051 metro), Karakorumen. Geroztik, 30en bat espediziotan hartu du parte, munduko 14 mendi altuenetatik 12 igo ditu, eta batik bat, berak azpimarratu ohi duen moduan, esperientzia apartak bizi izan ditu. Alpinista ez ezik, aizkolari ere bada, eta BASE jauzia ere egin izan du. Abenturaren eta esplorazioaren «maitale aseezina» dela dio. 

Laburpena.  Alex Txikonek kontatuko du Himalaian 30 bider baino gehiagotan izan dela bere espedizioei eske. Penintsula antartikoa eta Groenlandia korritu ditu, edo motoz lndiako iparraldean ibili da. Aitortu duenez, abentura horiek bilakaera ekarri dute bere izaeran. Euskaraz emango du hitzaldia Topicen, 19:30etik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!