ARGAZKI GALERIA

Sagardoaren indarra

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 1a, 17:47

Tolosako kale sagardotegietako historia modu antzeztuan barneratu dute bisita gidatuan parte hartu dutenek. Gaztelako zubitik hasi, eta sagardoa aitzakia hartuta, Tolosaren historia ezagutzeko aukera izan dute. 

Tolosaldea Garatzeneko arduradunek Intujai Teatro taldeko kideek lagunduta bisita atsegina egin dute. Garai bateko jokoak, esamesak, bertsoak eta tranpak antzeztu dituzte. Parte hartzaileak, pin pin, pintxanatarrak gu gera... abesten ere jarri dituzte.

Garai bateko historia, azokak egiten ziren puntu ezberdinetatik pasatuz ezagutu dute, eta baita, izan ziren sagardotegi ezberdinak ezagutuz ere.

Sagar motak, dolareak, tratua, salerosketak, tragoak nola apuntatu eta pagatzen zituzten, apustuak nola egiten zituzten, irabazitako xoxak nola gastatzen zituzten, jokoa eta jolasa, sagardoa nola egin eta edaten zuten,.... Kale sagardotegi bakoitza nori zuzendua zen ere ikasi dute: aberats edo gazte. Gizonen txokoak bilatuko ziren Tolosako kaleetako gaur egungo elkarte diren asko. Berandu hasiko ziren emakumeak sartzen kale sagardotegietan, eta gerora, baita elkarteetan ere.

Kale sagardotegiak garai hartako "kultur etxe" moduan definitu dituzte.

Ordu eta erdia, kalean gora eta behera, sagardoa gora eta behera ibili ostean, bisita gidatua ezin hobeto bukatu dute: sagardoa probatuz. Eta sagardo tragoak bikain sartzeko, pintxoak izan dituzte lagun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!