A zer presioa!

Erabiltzailearen aurpegia Natalia Garmendia 2020ko otsailaren 2a

Zeinen erraza iruditzen zaigu, guri, helduoi, gure gazteen etorkizunari buruz hitz egitea, gure seme-alabek beraien bizitzan zer egingo dutenari buruz gure iritzia ematea. Eta normalean, beraien iritzia jakin gabe egiten dugu hau. 

Ikasketen garrantzia, unibertsitatea edo lanbide eskola aukeratzea, ikasi beharko duten guztia, horrek ekarriko duen gastu ekonomikoa, familiak egin beharko duen esfortzua… A zer presioa!

Planteatu ote diogu geure buruari, orain, horrelako erabakia hartu beharrak suposatuko ligukeena? Egia esan, ez dut uste gurasook hausnarketa hori egiten dugunik. Saiatzen gara beraiek konprenitzen, animatzen, laguntzen, motibatzen… ez dakidana da lortzen dugun ala ez. Ahaztu egiten zaigu gu beraien adinean nola ibiltzen ginen, ez dut uste hainbesteko presioa zegoenik, goi mailako ikasketak ez egitea ez zen drama bat etxean, orduko gazteak aurrera atera dira ikasketa eta ikasketarik gabe.

Gaur egun eskatzen zaien maila, eremu guztietan, izugarria iruditzen zait, eta... gazteak dira, eta beraien gaztetasunaz disfrutatu behar dute, hori ere, bukatuko zaielako.

Gogoratu gaitezen pixka bat gure gaztetasunaz, garai hartako ilusio eta arazoez, eta saia gaitezen hori beraiekin konpartitzen. Eta erabakitzen dutena, nahiz eta gure iritziarekin bat ez egon, errespeta eta babestu dezagun.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!