HITZEZ HITZ

Kanpainak

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Bengoetxea 2020ko ots. 1a, 05:57

Irudika ezazu edozein herriko edozein terraza. Guraso kuadrilla baten ondoan, umeak dabiltza korrika eta brinkoka. Helduak erdaraz ari dira, nahiz eta euskaraz arazorik gabe moldatu. Ohiturak, badakizue. Bat-batean, haietako batek haurren solasari arreta jarri, eta errieta egin die, gaitzituta. «Ei, euskaraz!». Ostera, behin umeekikoak eginda, pare bat hitz euskaraz egin, eta luze gabe -eta lotsa handirik gabe- itzuli dira gaztelaniara.

 

Kontu-hartze xelebre horren aurrean, umeak zer mezu jasoko du? Zer ulertuko du? Bueno, nik ez dut ez seme-alabarik, ez psikologian masterrik, baina bururatzen zaidan lehenengoa hauxe da: ezertxo ere ez. Hau da, zer pentsatu ez dakiela geratuko dela gaixoa, akaso konturatuta, eta bere onerako segur aski, helduok gauza zentzugabeak sarri egiten ditugula, eta ez dela komeni guri erdia ere sinestea. Edo agian ondorioztatuko du euskaraz egitea haurren betebeharra dela, eta behin heldutara iritsita, espainolera pasatzeko unea iristen dela. Edo are euskarari uko egitea arau-hauste guay batekin identifika lezake, koxkortzen hasten denean batez ere.

Zuk eta nik ere, noiz edo noiz, harrapatuko genuen geure burua pasadizoko gurasoen antzeko jarreretan, seguru. Izan ere, gehienok abilagoak izan ohi gara ingurukoei belarriak berotzen eredu ematen baino, eta hitzen eta ekintzen arteko dialektikan, hitzetan goxo geratu ohi gara sarri. Ez da hain fazila batetik besterako saltoa egitea, ez horixe!

Dena den, guraso agindu-emaileen lekuan edozein jar daitekeen arren, makrora joanda, beste gauza bat ere badakarkit gogora pasadizoak: erakunde publikoek (eta zenbait enpresa pribatuk) egiten dizuten kanpaina apainak.

Ez gara alferrik ikuskizunaren gizartean bizi, non azalaren distirak maiz ezkutuan uzten duen mamiaren gordina.

Adibideak, oso urrutira joan gabe. Ingurumena zaindu eta birziklatzera animatzen zaituzte, baina etxe ondoan erraustegia, AHT eta burutik pasatzen zaien guztia eraikitzeari utzi gabe (eta, jakina, sekula auzitan jarri gabe hondamen klimatikoaren oinarrian dagoen sistema kapitalista, eta garapenaren mantra ukiezinari tinko helduta); bertako saltokietan erosteko jarri lelo distiratsuetan, eta aldi berean enpresa handiei alfonbra gorria zabaltzen diete. Eta euskaraz egiteko ere esaten dizute, baina gero badakigu jende inportanteak zer hizkuntzatan egiten dituen kontu inportanteak, zer hizkuntzatan egiten zaien harrera atzerritarrei, eta, oro har, euskarari zer lehentasun ematen zaion. Eta Arkaitz Zarraga eta Eneka Alvarezen kasua datorkizu burura, zeinak funtzionario publikoen aurrean hizkuntza-eskubideak aldarrikatzegatik epaitu zituzten Mozal legea erabilita. Eta, orduan, lagunekin euskaraz aritzeko esaten dizun panel atsegin, koloretsu eta moderno bat ikusten duzunean, parkeko umearekin akordatzen zara. Akaso guri ere, hari bezala, mesfidantza sano bat garatzea beste erremediorik ez zaigu geratzen, zer gerta ere: zuriketen aurrean adi egon eta lelo bakoitzeko neurri bat galdegitea. Azken finean, Zarragak zioen modura, hizkuntza-borrokari eutsi beharko zaio, aurrera egingo badugu.

Baina hau da marka, hau! Aholku-emateez kexuka hasi, eta neronek ez dut ba amaitu diskurtsoa botatzen! Argi dago: helduok ez dugu erremediorik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!