Alde batetik, Gobernuaren osaketa bera, hor ere zer komentatzea badago eta UPren presentzia txikiagotuta, Ministerioen eskuduntzak… -. Bestetik, hartu diren neurri zehatzak.
Egia esan, lehen neurria Gobernuak kargua hartu baino ordu batzuk lehenago ezagutu zen: Dolores Delgado Fiskal Nagusia izendatuko dutela. Erabaki arriskutsua, zaila eta, batez ere, oso eztabaidagarria. Nire iritziz, Sanchezen kolpe garbia da, Gobernu barrurako eta kanporako; neurri honen bitartez, oso argi utzi du nork agintzen duen eta noraino iritsi daitekeen.
Asko hitz egin da erabaki honetaz eta blokeak oso nabarmenak geratu dira, beste behin ere. Kontrako oso iritzi gutxi jaso ditu ezkerratik, nire harridurarako. Argi dago Delgado ez dela egokia postu horretarako. Alde batetik, Villarejo komisarioarekin izandako solasak benetan lotsagarriak eta nazkagarriak direlako eta, beraz, arrazoi horregatik Ministroa izateko gai ez bazen politikoki horrela kontsideratu zuten bere garaian oposizioak eta baita UPk ere -, Fiskal Nagusia izateko ere ez dauka gaitasunik. Baina, bestalde, postu horretarako guztiz desegokia da Delgado, Justizia ministroa izan delako eta, beraz, Ministerio Fiskalarekin harreman bereziak izan dituelako eta, baita PSOEren hautagaia eta diputatua izan delako.
Ez dago ukatzerik beste Gobernu batzuek ere izendapen eztabaidagarriak egin dituztela Justizia arloan, baina horrek ez du inolaz ere kasu hau zuritzen.
Beste arlo batzuetan ere urratsak ematen eta pauso berriak iragartzen ari dira. Egia esan, ez dakit horiek guztiak aurrerapausoak diren ala atzerakadak agindu zenarekin alderatuta, esan nahi dut -. Urrats positiboak dira, zalantzarik gabe, pentsioen igoera KPI aren arabera eta, batez ere, politikoki, LGSaren %5,5aren igoera neurri honek Hitzarmen Kolektiborik ez dagoen arloetan eragin zuzena izango baitu -. Eta positiboa, baita ere, hori elkarrizketa sozialaren bitartez egitea eta, batez ere, patronala horren alde azaltzea eta nagusitu den liskar politikotik kanpo geratzea, momentuz, behintzat.
Baina, Lan ministroaren hitzetan, azken aste honetan, nolabaiteko etsipena sumatu dut. Diaz ministroak, arrakasta hori izan eta gero zalantza zabaldu du egingo diren lan erreformei buruz. Ministroak dio, orain, 2012ko lan erreforma ezin dela erabat indargabetu, ez dela posible teknikoki eta, gainera, arduragabekeria izango litzatekeela. Ez dakit zer gertatzen ari den edo badakit, askok sumatzen dugun moduan -, baina dakidana da inkoherentzia handia dagoela orain arte esan denari erreparatzen badiogu. Bai, Diazen alderdiaren programan esaten zen 2010ko eta 2012ko lan erreformak indargabetuko zirela. Eta, gainera, koalizio Gobernuaren akordioan, iragarritako neurrien artean, agintzen da 2012ko lan erreforma bertan behera utziko dela eta, hori egin aurretik, premiazko erabakiak hartuko direla.
Beraz, nire harridura handia da, baita gai honetan ere. Ez da ez serioa, ez eta zintzoa ere gero beteko ez dena agintzea. Aldez aurretik baldin bazekiten hori teknikoki posible ez zela, zergatik promestu zuten? Edota, serio agindu bazuten, noiz eta zergatik aldatu dute iritziz? Eta zergatik ez zaizkigu aldaketa horien arrazoiak ematen?
Azken gaia. Aurreko astean zalaparta handia sortu zuen Sanchezen iragarpenak: Kode Penalean zigortzen den sedizio delituaren berrikuspena. Argi dago hauteskunde kanpainan erreferendum ilegala deitzea, berriz ere delitutzat joko zela iragarri zuen Sanchez, ez dela gaurko Sanchez; edota, ez dituela orduan zituen behar berdinak. Guztiz komenigarria da lege guztiak tarteka berrikustea beren aplikazioa aztertzeko eta beharrezkoak diren aldaketak egiteko, baina hau ere, koherentziaz eta oportunismo motzik gabe.