Elkarrizketa

«Gola sartutakoan urduri jarri nintzen, nola ospatu ere ez nekielako»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urt. 29a, 11:59

Tolosarrak historia egiten jarraitu nahi du. Atletico de Madrid talde indartsua kanporatu ondoren, Errege Kopako final-zortzirenetako partida jokatuko du, bihar, Valentziaren aurka. 

Tolosa CF-k Valladoliden aurka lortu ez zuena lortu zuen, pasa den astean, Julen Castañedak (Tolosa, 1990). Bigarren B Mailako Cultural y Deportiva Leonesa taldean jokatzen du, eta gaur, 19:00etan, aukera berri bat izango dute, Kopan aurrera egiteko.

Zer moduz zaudete gaurko partidaren atarian?

Guretzako gaurko partida sari potolo bat da. Aurreko astean egindako partidaren ondoren, ez diogu erraztasunik eman nahi aurkariari.

Ligako partidekin alderatuta, prestaketa bereziagoa eskatzen dute maila honetako neurketek?

Ez. Prestaketa berdina izaten da. Egia da, asteburuan Ligako partida izanda, ez ditugu ohiko entrenamenduak egiten. Normalean, ligako partidaren ondorengo eguna, indarrak berreskuratzeko baliatzen dugu, eta gero hasten gara hurrengo asteburukoa prestatzen. Kasu honetan, ordea, partida batetik bestera ez daukagu nahi adina denbora, neurketa behar bezala prestatzeko.

Nolakoa izan zen Atletico de Madriden aurkako partida?

Oso gogorra. Jakitun ginen talde honek, fisikoki batez ere, lan handia egitera behartuko gintuela, oso zaila delako beraiei gol bat sartzea. Hala ere, etxean jokatzen genuen, eta zaleen bultzada ikaragarri eskertu genuen. Taldeak, gainera, bikain egin zion aurre aurkako emaitzari.

83. minutuan, 0-1 galtzen ari zinetela, aldaratze batean, area ertzetik sekulako gola sartu zenuen.

Motzean ateratako aldeko korner batean izan zen. Ni penalti inguruan nengoen, eta taldekideak erdiratu behar zuela ikusi nuenean zera pentsatu nuen: hemen eroriko balitz... Baloia niregana heldu zenean, ez nuen bitan pentsatu. Sekulakoa eman nion, eta jaurti ondoren nire buruari esan nion: zeinen ondo irten zaidan jaurtiketa! Gola sartu nuela ohartu, eta  zaleak jauzika ikusi ondoren, urduri jarri nintzen, nola ospatu ere ez nekielako. Inoiz ahaztuko ez dudan gola izan zen.

Ondoren, luzapenean, kontraerasoko jokaldi bikain baten bitartez,  gola sartu eta eromena izan zen nagusi.

Luzapenean, asko estutu gintuzten beraiek. Kontraeraso horretan, gainera, defentsarako trantsizioa nahiko motel egiten zutela ikusi genuen, eta beraz, aukera baliatu beharra zegoen. Lehen ukituan egindako paseei esker, gol zoragarriarekin borobildu genuen festa egun handia.

Madrildarrak kanporatzeko gai ikusten zineten?

Partida jokatu aurretik, «Ai ama!», pentsatzen genuen. Hala ere, partida bakarreko kanporaketa zela, eta etxean ari ginela jakinda, guztia ematera atera ginen. Gainera, ez zen ezusteko bat gertatzen zen lehen aldia.

Berezia izango zen, ezta?

Bai, aita gainera harmailetan izan zen. Egun bereziak izaten ari dira. Ligako partidetan ere noizbehinka familiakoen bisita izaten dut, eta gaurko partidara ere badatoz. Orain, gainera, denbora gehiago izaten dugu elkarrekin egoteko.

Taldea lehen aldiz sartu da Errege Kopako hamasei talde onenen artean. Kontziente al zarete historia egin duzuela?

Zelaian bertan ospakizunetan geundela, taldekideen artean aipatzen genuen hori, sekulakoa egin genuela. Zaleak ere gertuago ditugula sumatzen dugu. Partida historikoaren biharamunean, gainera, egunkari guztiak saldu ziren, eta gaurko partidarako 10.000 sarrera saldu dira.  

Gaur, beste aurkari gogor bat izango duzue, Valentzia, egungo txapelduna. Zein da partida irabazteko errezeta?

Ez dut uste errezetarik dagoenik. Errespetu handiarekin zelairatuko gara. Gure abaguneak izango ditugu, baina jakitun gara aurreko asteko emaitza errepikatzea oso zaila izango dela.

Eta irabaziz gero, amets egiten jarraitzera?

Noski! Hala ere, ez dugu ahaztu behar jokatzen dugun txapelketa garrantzitsuena Liga dela.

Hain justu, aurtengo helburua Bigarren Mailara igotzea izango da, ezta?

Bai, bai. Horretarako osatutako taldea gara. Gaurkoa beste sari bat izango da, baina igandean, Ligako liderraren bisita izango dugu etxean, eta beraz, hiru puntuak ezinbestekoak izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!