Argazki kazetaritzak zabalduko ditu, aurten, Amalur jardunaldiak

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko urtarrilaren 29a

Angel Lopez Sotok ‘Erdinomada, testigantza fotografikoa’ hitzaldia eskainiko du, gaur, Topic zentroan, 19:30ean; martxora bitarte, beste sei saio izango dira

Munduko bideak eskola direla, hala dio 2020. urteko Amalur jardunaldien aurkezpen testuak. Gaur bertan hasiko dira, Topic zentroko aretoan, eta Angel Lopez Soto argazkilaria izango da lehen hizlaria, Erdinomada, testigantza fotografikoa hitzaldiarekin.
Sei hizlarik osatuko dute, beste urtebetez, Amalur jardunaldien izaera, natura, bidaia eta antropologiaren ardatzean eta, gaurtik martxora bitarte, argazki kazetaritza, gizateriaren historia, erdialdeko Asia, Euskal Herritik Etiopiarako bidaia, Erroma eta bertako gastronomia, pantera arteko bizipenak nahiz Alex Txikonen espedizioak ezagutu ahal izango dituzte jardunaldietako entzuleek. Saio guztiak 19:30etik aurrera izango dira, Topic zentroan. 

Argazkiak eta gizateria

Erdinomada, testigantza fotografikoa hitzaldian, Lopez Sotok bere ibilbidean barrena hartutako irudiak baliatuko ditu, munduko hainbat gatazka erakusteko. Izan ere, 1997az geroztik jarraipen bat egiten ari zaie, Txinak Tibet inbaditu ondorengo 150.000 tibetar erbesteratuei.
Horrez gain, Indiako kasta babesgabeak, Etiopiako lehorte gogorrena, Tenere basamortuko gatz karabanak nahiz Melillako muga hartuko ditu gidari. Ostiralean, berriz, Juan Luis Arsuagak eboluzioa izango du hizpide, Bizitza. Historia handia saioan. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!