Garai bateko sagardotegiak antzerkiaren bidez bisitatzeko aukera

Tolosaldeko Ataria 2020ko urtarrilaren 29a

2014an, Letxuga kaleko Txaparro sagardotegia bisitatzeko aukera izan zen.

Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak Tolosako sagardoaren historia ezagutzeko hitzordua antolatu du larunbaterako

Historiak dio, garai batean 38 kale sagardotegi izatera iritsi zela Tolosa. Horietako asko, gaur egungo elkarte gastronomikoen nahiz tabernen iturburu izan ziren, eta haiek guztiak ezagutzeko aukera izango da, larunbat honetan, Tolosan. Tolosako kale sagardotegien historia egitasmoa prestatu du, Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak, Intujai Teatro taldearekin batera, eta bi bisita antzeztu izango dira.
«Aparteko esperientzia» izango dela azpimarratu dute Tolosaldea Garatzeneko arduradunek, garai bateko historia kuxkuxero, saltzaile, alproja eta parranderoen eskutik ezagutzeko aukera izango baitute bisitetako parte hartzaileek; Tolosako kale sagardotegietako bitxikeriak, esamesak, kontuak eta bertsoak izango dituzte hizpide.
Gaur egungo hiri komertziala antzina Tolosako zuen bidegurutze izaeratik nola sortu den azalduko dute aktoreek, eta, nola, kupela hasi eta bukatu arte edaten zuten, trago bakoitza igeltsuaz kupelean markatuz. 
Bisitetan parte hartzeko izena eman beharko da, tour@tolosaldea.eus helbidean edo 943 69 74 13 telefonoan. 16:00etan euskarazko bisita izango da, eta 18:00etan gaztelerazkoa. Biak Gaztelako atean hasiko dira, eta 8 euro ordaindu beharko du parte hartzaile bakoitzak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!