Emaitza historikoak, Tolosa CF Atletismo klubarentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urt. 28a, 19:59

Larunbatean, Euskadiko kluben arteko kopa jokatu zen Donostiako Antonio Elortza belodromoan. Nesketan, bigarren postua lortu zuten taldeka; bestetik, Gipuzkoako errekor bat eta klubeko bi errekor berri ezarri zituzten hiru kirolarik.

Arratsalde bikaina izan zen larunbatekoa, Tolosa CF Atletismo klubarentzat. Nesken taldeak inoiz egin gabekoa egin zuen, taldekako sailkapenean bigarren postua lortuz. Gainera, garaipena eskuratzetik gertu izan zen. Azken uneraino, borroka oso estua izan zuen Atletico San Sebastian taldearekin. “Kontuan izan behar da, Estatuan maila gorenean dagoen taldea dela”, diote klubetik. Azkenean, erreleboetako (4x200 metro) emaitzaren ondorioz, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Tolosak (2 puntu eta erdiko aldearekin). Klubaren historian, taldeka lortutako emaitzarik aipagarriena da. Bestalde, podiuma gertu izan zuen mutilen taldeak (6 puntutara), baina bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Ane Martinek, Gipuzkoako errekorra

Tolosa CF Atletismo klubeko hiru kirolarik, errekor berriak ezartzea lortu zuten. Aurrez, klubaren historian, ez zen horrelakorik gertatu txapelketa batean.

Batetik, Ane Martinek, Gipuzkoako errekor berria ezarri zuen, 3.000 metroko lasterketan, 16 urtez azpiko kategorian. 10:32:28ko denbora egin zuen, eta aurreko errekorra 2000 urtean Maitane Jauregi tolosarrak ezarritakoa zen: 10:32:79.

Bestetik, Maria Felisa Okomo Lizetak, pisu jaurtiketan, 4 kiloko bola, 13,06 metrotara jaurtitzea lortu zuen. Emaitza honekin, Espainiako 20 urtez azpiko jaurtitzaileen sailkapenean lehen postuan jarri da.

Azkenik, Mireia De La Parrak, 11,37 metroko marka lortu zuen jauzi hirukoitzean, Tolosako errekorra 13 zentimetrotan gaindituz. Jauzi honekin, 20 urtez azpiko kategoriako Espainiako Txapelketara joateko gutxieneko markatik 3 zentimetro eskasera geratu zen.

Klubetik, “txapelketa osoan erakutsitako talde giroa” azpimarratzen dute, eta kirolari, entrenatzaile nahiz zuzendaritzako kideak zoriontzen dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!