Eneko Arocena tolosarrak brontzezko domina lortu du

Ataria 2020ko urtarrilaren 24a

Iriondo, Arocena eta Olano, Mallorcan.

Pasa den larunbatean Mallorcan jokaturiko omnium probako Espainiako Pistako Txapelketetan, Arocena hirugarren sailkatu zen, Oriako-Limousin taldeko txirrindulari gazteak brontzezko domina bereganatuz kadete mailan.

Euskadiko selekzioarekin hartu zuen parte tolosarrak, eta taldekide izan zuen Beñat Garaiar oiartzuarrak  lortu zuen txapelketa.

Tolosako Oriako-Limousin taldeko ordezkaritza Eneko Arocena, Naroa Olano eta Kattalin Iriondok osatu zuten. Olanok zazpigarren postua lortu zuen junior mailan eta Iriondok bederatzigarren postua kadete mailan Espainiako Txapelketako omniumean.

Igandean berriz Espainiako koparako puntuagarri zen madison probetan hartu zuten parte. Kadete mutiletan, Arocenak, Garaiar bikote lagun izanik, bigarren postua lortu zuen. Iriondok, Naya Mangas bikote zuela, hirugarren postua, eta Olanok, Mairu Uriarte lagun zuela, bosgarrena.

"Emaitza ezin hobeak" Oriako txirrindulari eskolako txirrindularientzat, eskola bertatik azaldu dutenez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!