Erasoko jokoa hobetu asmoz

Imanol Garcia Landa 2020ko urt. 24a, 19:58
Argazkiak: IƱaki Lopetegi

Areto futboleko TEEP Samaniego-Orixe Tolosaldea taldeak lau puntu lortu ditu orain arte.

Bigarren itzuliko lehen jardunaldia jokatu eta gero, TEEP Samaniego-Orixe Tolosaldea areto futboleko taldea zortzigarren doa sailkapenean, lau puntu eskuratuta. Azken jardunaldian 11-0 galdu zuten lehen postuan doan Ordiziaren aurka. «Argi dago emaitza ez dela polita, baina halere nahiko ondo eutsi genion defentsan», esan du Garazi Arregi taldeko jokalariak. «Ordiziaren maila jakinik, oso kontziente ginen partida zaila izango zela».

Orain arte lortutako puntuak ez dira beraiek nahi bezainbeste, baina «oso pozik» daudela dio Arregik: «Lortutako puntu horietatik bat Idiazabalen aurka eskuratu genuen. Guretzako beti izan da aurkari garrantzitsua, eta hirugarren doa sailkapenean». Beste hiru puntuak Tolosalari irabaziz lortu zituzten. «Talde berria da, kantxatik kanpo ezagunak, eta 6-0 irabazteak guri motibazio gehiagarri bat emateko balio izan zigun».

Aurrera begira taldearen helburua «ahultasunak» lantzea dela azaldu du: «Batetik, erasoa hobetzea, eta, bestetik, nahiko pozik gaudenez defentsarekin, hori mantentzea. Ahalik eta puntu gehienak lortu nahi ditugu, gure gainetik oso gertu dauzkagun taldeei ahalik eta gehien gerturatzeko, eta posturen bat igotzeko sailkapenean». Aurreko denboraldiarekin alderatuta, taldekideak motibatuago ikusten dituela gaineratu du Arregik: «Horrek ere jokoan eragina du, eta astez aste gero eta gogo gehiagorekin joaten gara partidetara».

Taldea orain bost urte sortu zuten, eta lau urte daramatzate lehiatzen Gipuzkoako Ligan. Tolosako Uzturpe frontoian entrenatu eta bertan jokatzen dituzte etxeko partidak. 

PARTAIDEAK

Ane Ezeiza. Atezaina.

Garazi Arregi. Pibota.

Miren Aldunberri. Atzelaria.

Maitane Diego. Hegalekoa.

Irati Ibarbia. Hegalekoa.

Paula Ostolaza. Pibota.

Agurne Zubillaga. Hegalekoa, pibota.

Olaia Zubeldia. Hegalekoa, pibota.

Jone Gomez. Hegalekoa.

Iurre Iraola. Atzelaria.

Nerea Ixmukane. Hegalekoa.

Cristina Marcos. Atzelaria.

Gari Egimendia. Entrenatzailea.

Harri Sanchez. Entrenatzailea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!