Mapa berriak eta Topic-eko bideoa aurkeztu dituzte, Fitur-en

Ataria 2020ko urtarrilaren 24a

Tolosako Udaleko ordezkariak eta Topic zentrokoak atzo bertaratuko ziren Madrilgo azokara, eta bi proiektu nagusi aurkeztu: Tolosako mapa eta panel turistiko berriak, eta Topic -en promozio bideo berria.

Aurten txotxongiloen nazioarteko etxeak hamar urte bete dituela-eta, Topic zentroak protagonismo berezia hartuko du Fitur azokan, eta ikus-entzunezko lana izango da horretarako bidea. Udalak iragarri du, gainera, datozen hilabeteetan ezustekoren bat edo beste izango dela herritarrentzat.

Tolosako bisitariei begira, berriz, mapa eta panel turistiko berriak aurkeztuko ditu udalak; «erabilerrazagoak, turisten esperientzia hobetzeko». Oinarrizko informazioa bildu dute paneletan, eta hiztegia, helbidea, Topic, azoka, gastronomia, herriaren historia eta turismo bulegoko informazioa eskainiko dizkiete bisitariei; iaz aurkeztutako moleskinea osatuko dute.

Olatz Peon Tolosako alkateak Fitur azokan parte hartzearen garrantzia nabarmendu du, «ikasteko, joera berriak ezagutzeko eta promozionatzeko» aukera azpimarratuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!